Inicio » Idiomas » Euskera » Zestoako mugikortasuna hobetzeko, herriko GI-631 zeharbidea hobetuko dute Udalak eta Aldundiak elkarlanean

Zestoako mugikortasuna hobetzeko, herriko GI-631 zeharbidea hobetuko dute Udalak eta Aldundiak elkarlanean

Diputatuen Kontseilu ibiltaria Lili jauregian elkartu da gaur goizean; Eider Mendoza diputatu nagusia Mikel Arregi alkatearekin elkartu da, herriko proiektu eta desafio nagusien berri izan eta partekatzeko

Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Zestoako Lili jauregian elkartu da gaur goizean eta bertan, besteak beste, argi berdea eman dio herriko GI-631 zeharbidea hobetzeko Udalak eta Aldundiak lankidetzan burutuko duten proiektuari. Hain zuzen ere, herrigunea zeharkatzen duen bide hori egokitzeko Udalaren eta Aldundiaren arteko hitzarmena onartu du gaurko bileran foru gobernuak, joan den astean Zestoako udalbatzak egin bezala. Gisa horretan, zeharbidean egingo diren hainbat obrari esker trafikoa baretuko da eta herriaren sarbideak berrantolatuko dira, mugikortasuna erraztuz, errepidearen segurtasuna hobetuz eta, gisa horretan, herritarren ongizatearen eragin positiboa eraginez.

Udalak eta Aldundiak sinatuko duten hitzarmearen arabera, lanek 1.619.922,35 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute eta 8 hilabeteko exekuzio epea. Gauzak horrela, Zestoako Udalak proiektua lizitatuko du eta ondoren, behin lanak esleituta, aurreikuspena da lanekin datorren udazkenean hasi eta datorren urteko udaberrirako amaitu ahal izatea. Finantzaketari dagokionez, Udalak bere gain hartuko du aurrekontuaren %68,58 eta Bide Azpiegituretako foru departamenduak, berriz, %31,42.

Foru Gobernuak aldizkako bilkura ibiltaria egiteari ekin dio Gipuzkoako udalerrietan barrena eta, joan den hilean Leintz-Gatzagan egindakoaren ondoren, Zestoan egin du gaurkoa. Astearte goizero egin ohi duen bilkura horretan erabakitzen dira foru gobernuaren proiektu, esleipen eta erabaki nagusiak. Horrela, Eider Mendoza diputatu nagusia buru dutela, Lili jauregian elkartu dira gaur goizean foru diputatuak eta lurralde osora begirako hainbat neurri eta erabaki hartu dituzte, tartean Zestoako zeharbidearen lanei dagokiona. Aldi berean, Eider Mendoza diputatu nagusia Mikel Arregi alkateak bilera egin dute, egitasmo honez gain, herriak aurrera begira dituen proiektu eta desafio nagusien berri izan eta partekatzeko.

GI-631 errepideak Zestoako udalerriko erdigunea zeharkatzen duen tarte honetan egingo diren lanen bitartez, besteak beste, bide segurtasuna eta herrigunearen mugikortasuna hobetzeko aukera baliatuko da. Horrela, Udalak proiektu honen bidez zeharbidean egingo dituen urbanizazio lanek herritarren eta gidarien erosotasunean eta segurtasunean aurrera egitea ahalbidetuko dute eta, aldi berean, sarbideak hobetu egingo dira, lurraldeko oinarrizko sarea osatzen duen zeharbide honen oinarrizko premiak hobetuz. Izan ere, eguneko 10.000 ibilgailuko bataz besteko trafiko-intentsitatea duen bidea da eta %7 ibilgailu astunak dira.

Hala, Toribio Altzagako lotunetik Gesalagakoraino, 690 metroko tarteak egingo dira jarduketa ezberdinak. Esate baterako, herrigunearen hainbat kalerekin dauden lotuneak hobetuko dira (Arteaga, Gurutzeaga, Enekosauztegi eta Gesalaga) eta, ondoren, kasu batzuetan, kale horien norabideak aldatu egingo dira. Zeharbideari dagokionez, 1,8 m-ko erdibitzaile bat eraikiko da errepidearen bi galtzadak bereiziko dituena, 3,5 metroko zabalera izango duelarik errei bakoitzak. Jarduketa honen bitartez abiadura jaitsi ahal izango da tarte guztian, 50 km/h-ra.
Diputatu nagusiak adierazi duenez, errepide honek garrantzia handia du “zestoarrentzat nahiz bailara osoko herritarrentzat, hau baita eskualdea AP-8 gaitasun handiko errepidearekin lotzeko pasabidea”.

Baina, aldi berean, herria zeharkatzen duen zeharbidea izaki, “ezinbestekoa” da paseko trafikoaren, herriko zirkulazioaren eta herritarren ongizatearen arteko “oreka eta elkarbizitza areagotu eta egokitzea”. Bere iritziz, Aldundiaren eta Udalaren arteko lankidetza honen bidez, “errepidearen funtzionaltasuna eta herriko mugikortasuna hobetu ahalko dira eta, aldi berean, horrek hobekuntza nabarmena eragingo du herritarren nahiz errepidea erabiltzen duen ororen mesedetan”. “Bide Azpiegituretan ere, lurralde orekaren aldeko apustua egiten ari gara, gure herri eta bailaretan giltzarri diren puntu horietan errepideak hobetuz, ahal den heinean gidarien segurtasuna eta herritarren ongizatean hobekuntzak ahalbidetuz”, azpimarratu du.

Zestoako alkateak, berriz, eredugarritzat jo du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza hitzarmena. “Zestoako herrigune nagusia bitan zatitzen duen GI-631 errepidea herriak bere egingo du eta herrirako sarbide eta irteeren egokitzeak herriguneari arnasa emango dio”, adierazi du alkateak.

Diputatuen Kontseilua egin aurretik, bilera egin dute Eider Mendozak eta Mikel Arregik, Zestoako alkateak, herriak aurrera begira dituen beharrizanak eta proiektu nagusiak aztertu asmoz. Kontseiluaren ondoren, alkatearekin batera, diputatuek Sastarraingo bailara eta Ekainberri bisitatu dute, non ezagutu daitezkeen UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zituen Euskal kostaldeko labar-pintura ikusgarriak.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Didoe
Día mundial del retrete
Kutxa Fundazioa