Mendi Maratoien artean diztiratsuena, Zegama-Aizkorri handiaren 18. edizioa aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundian. Proba ekainaren 2an izango da, baina hilabete honetako 14an irekiko da atletek izena emateko epea, otsailaren lehenengo eguna arte. Rock the sport webgunearen bidez egin beharko da. Normalean parte hartu nahi dutenen kopurua dortsalena baino askoz handiagoa da, beraz otsailaren 22an egingo da parte-hartzaileen zozketa.
Antolakuntzak 150 dortsal gordeko ditu lasterketak dakartzan konpromisoei aurre egiteko, eta beste 125, berriz, aurreko edizioetan lehiatu eta edizio honetan ere parte hartu nahi duten atleten parte-hartzea ahalbidetzeko. Baita azken bi edizioetan denborarik onenak erregistratu zituzten atleten parte-hartzea bermatzeko ere.
Zegama-Aizkorri Gipuzkoako probarik gogorrena (42 kilometro eta 5.472 metroko desnivela) eta ederrenetarikoa dela argi dago, eta gainera puntuagarri izango da Golden trail series 2019rako; beraz, espezialitate horretako hoberenak ekarriko ditu gurera. Euskal Autonomia Erkidegoko lau gailur garaienak zeharkatzen ditu: Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri. Zegama herritik (296 metro) Otzaurteko gainera (652 metro) jotzen da, eta mendate horretatik aurrera mendi bide eta bidexka ederretatik igarotzen da ibilbidea.
Kilometro bertikala eta Junior Traila
Aurten, kilometro bertikala Maiatzaren 31ean izango da Zegaman, 16.00etatik aurrera. Ekainaren 2an bertan, berriz, VIII. Zegama-Aizkorri Junior Traila ere izango da, 10.30etan hasita, 10,4 kilometroko ibilbidea izango duen lasterketa.
Denis Itxaso, Kultura eta Kiroleko Diputatuak, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiak Gipuzkoan sortzen duen aberastasuna nabarmendu du. Itxasok probak dituen balioak azpimarratu ditu, eta bereziki adierazi du horrelakoetan parte hartzen duten atletek egin behar duten sakrifizioa eta erakutsi behar duten pertseberantzia. Izan ere, batzuk zortzi ordu baino gehiago behar izaten dituzte ibilbidea osatzeko.
Zegamako alkate Joseba Izagirrek baieztatu du probaren oinarriak sorrerako berberak direla gaur egun ere: 400 boluntario baino gehiago; ingurunea, lasterketaren ibilbideko zatirik handiena suposatzen duena; eta ingurumena berarekiko errespetua.
Deja un comentario