Zurrumurrua gero eta gorpuzdunagoa bihurtzen ari da: Woody Allen Iparramerikako zinemagilearen hurrengo pelikula Donostian egiteko aukerak igo dira gaur bertan. Izan ere, Mediapro ekoizleak lehen bilera egin du San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionekin, ekoizpenaren funtsezko premiak, taldearen ostatatzea, bulegoak edo baimenen izapidea bezalako gaiak aztertzeko.
Bilera Donostiako Sustapenaren egoitzan izan da gaur goizean. Eta Ernesto Gasco alkateordeak, SSGIFilm Commissionen arduradunak, bilera gogobetekoa izan zela adierazi du: “Gure ustez, Donostiak ederki asko bete ditzake mahai gainean jarri dituzten planteamenduak eta beharrak”.
Denis Itxaso Kultura diputatuak gogora ekarri du ere araudi fiskal berriak abantaila fiskalak eskaintzen dizkiela Gipuzkoan filmatutako pelikulei. Gascok laburtzen duen bezala, “donostiarentzat oso ona da Woody Allenek gure hiria filmatzeko aukeren artean edukitzea, hiriaren marka propioa nazioartekotzen lagunduko bailuke”.
Produkzio-etxeko arduradunek gaur adierazitakoaren arabera, grabaketa uztailetik aurrera egingo litzateke, eta zazpi aste iraungo luke. Hirira egin dituzten lehen bisitetan, hiriko leku enblematikoak bisitatu dituzte; hala nola, Kontxako hondartza, Alde Zaharra edo Haizearen Orratza, pelikularen eszenatoki bihurtzeko aukera duten tokiak bezala. Halaber, filmatze batzuk barnealdean egiteko aukera ikusten dute.
Deja un comentario