Ariketa Fisikoa kimioterapia tratamenduan zehar, linfoma duten pazienteen tratamendu laguntzaile gisa: EDONOLA azterlana‘ izeneko proiektua Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak finantzatuko du Osasunaren alorrean ikerketa eta garapen proiektuetarako laguntzen programaren bidez. Proiektu hori Donostia-Onkologikoa Unibertsitate Ospitaleko Izaskun Zeberio Etxetxipiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko Sara Maldonado Martinek zuzenduko dute, eta Euskadiko ikerketa sanitarioko hiru institutuekin lankidetzan (Biogipuzkoa, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba).
“Linfoma duten pertsonei gaur egun aplikatzen zaizkien immuno-kimioterapian oinarritutako tratamenduek erantzun- eta biziraupen-tasa handia lortzen dute, baina toxikoak dira eta inpaktu handia izan dezakete gaitasun funtzionalean eta bizi kalitatean. Ariketa fisikoak hobetu egiten ditu minbizi solidoak dituzten pazienteen osasun emaitzak, baina oso azterketa gutxi daude linfoma duten pazienteei buruz”, azpimarratu dute azterlanaren zuzendariek.
Hori dela eta, EDONOLA azterlanaren xedea da aztertzea ariketa fisikoaren programa konbinatu batek (indarra + entrenamendu aerobiko interbalikoa) zer-nolako eragina izan dezakeen linfoma duten eta tratamendu aktibo sistemikoa jasotzen ari diren pazienteen bihotz-biriken gaitasunean, indar muskularrean, egoera psikologikoan, bizi kalitatean, biomarkatzaileetan eta sistema immunean. “Helburua da tratamendu eraginkorra ematea bihotz-biriken gaitasuna eta bizi kalitatea ez murrizteko eta hauskortasuna eta nekea ez handitzeko.
Saiakuntzaren ondoren, zehaztu ahal izango da ariketa fisiko konbinatuko esku hartze batek pazienteen egoera funtzionala eta bizi kalitatea hobetzen duen. EDONOLA azterlanerako, zenbait irizpide betetzen dituzten pazienteak bilduko dituzte Donostiako Unibertsitate Ospitaleko, Arabako Unibertsitate Ospitaleko eta Galdakaoko Unibertsitate Ospitaleko Hematologia arloan espezialistak diren medikuek. Ariketa fisikoko programa Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatutako hezitzaileek zuzenduko dute, eta Donostiako Onkologikoa Ospitalean, Durangoko Udalaren kirol-instalazioetan eta Vitoria-Gasteizko Udalaren Jarduera Fisikoa eta Osasuna Ikerketa Zentroan gauzatuko da.
Deja un comentario