Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Super Amara Bera Bera emakumeen eskubaloi taldeari omenaldia egin diote eguerdian. Ekitaldia Donostiako Udaletxeko udalbatzar aretoan izan da eta, bertan, parte hartu dute Super Amara Bera Berako hainbat jokalarik, talde tenikoko eta zuzendaritzako hainbat ordezkarik, Donostiako alkate Eneko Goiak, Kiroletako zinegotzi Iñaki Gabarainek, udal talde guztietako hainbat ordezkarik, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Eider Mendozak, Kirol zuzendari Marta Pastorrek eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrenak.
Donostiako alkate Eneko Goiak taldearen kapitain Alba Menendez-i eta Emma Boada jokalariari txokolatez egindako Koparen erreplika eta oroigarri bat eman die eta Bera Berako familia guztia zoriondu du denboraldiko lorpen guztiengatik.
Eneko Goiak honakoa azpimarratu du: «Sekulako denboraldia egin duzue. Historian lehen aldiz jokatu den Superkopa Iberiarra irabazi duzue, Erreginaren Kopa etxean zaleen aurrean irabazi zenuten eta orain Liga txapelketa lortu duzue”
Horren harian, Goiak segidakoa esan du: “Klubaren historian bederatzigarren liga lortu duzue eta horrekin batera zortzigarren Kopa eta bederatzigarren Superkopa. Hiriarentzat eredu zarete, baina batez ere, haur askoren eredu, hain zuzen ere, egunero entrenatu, jokatu eta zuek bezala izateko amets egiten duten haurren eredu».
Horiek horrela, eskerrak eman dizkie egiten duten lanagatik, eta bereziki, Donostia hain ondo ordezkatzeagatik.
Deja un comentario