2018ko San Tomas egunean, pasa zen abenduaren 21an, Donostia hiriko autobusek inoiz baino erabilera gehiago izan zuten. Guztira 128.960 bidaia zenbatu ziren Dbus-en ibilgailuetan egun osoan zehar, errekor berria. Egun horrek donostiarren artean daukan erakarpena garbi dago, orain arteko marka beste Santo Tomas batek zeukalako, 2012 urtekoa hain zuzen. Orain dela sei urte 124.818 bidaia egon ziren, aurten baino 4.142 gutxiago. Beraz, gailurra %3,2 hazi da.
Erabilera masiboak «aurreikuspen guztiak gainditu zituen», dio Dbus konpainiak ohar batean. 128.960 bidaia asko dira, abenduko lanegun arrunt batean batazbeste egoten den kopuruarekiko 30.000 bidaiari baino gehiago hain zuzen. Iazko datuekin alderatuta, kopurua ia %7 igo da.
Lineen arabera, hauek izan dira erabilienak:
– 28-Amara-Ospitaleak: 19.027 bidaia.
– 13-Altza: 17.111.
– 5-Benta Berri: 16.017.
– 26-Amara-Martutene: 7.961.
– 17-Gros-Amara-Miramon: 7.305.
– 14-Bidebieta: 5.452.
– 9-Egia-Intxaurrondo: 5.417.
– 33-Larratxo-Intxaurrondo-Antiguo-Berio: 5.371.
– 25-Benta Berri-Añorga: 5.264.
Santo Tomasen, Dbus-ek 20 gidari eta autobus osagarriekin sendotu zituen lineak, 233 gidari izan zirelarik egun osoan zehar zerbitzua eman zutenak. Aldi berean, oharrak «Mugikortasuneko Agenteen laguntza erabakigarria» eskertzen du, horiei esker «garraio publikoak behar bezala funtzionatu zuelako».
Deja un comentario