Inicio » Idiomas » Euskera » Pasaia: ‘Ezekieltz’ batelaren uretaratze alaia, 1940ko beste ontzi baten erreplika

Pasaia: ‘Ezekieltz’ batelaren uretaratze alaia, 1940ko beste ontzi baten erreplika

‘Ezekieltz’ batelaren uretaratzea burutu du gaur Albaola elkarteak Pasaiako uretan, Aprendiztegi ontzigintza eskolako ikasleen eskutik. ‘Maribeltz’ izeneko euskal batelaren erreplika

Uretaratze egunaren irudia. Argazkia: Albaola.

‘Ezekieltz’ batelaren uretaratzea burutu du gaur Albaola elkarteak Pasaiako uretan, Aprendiztegi ontzigintza eskolako ikasleen eskutik. ‘Maribeltz’ izeneko euskal batelaren erreplika da, Getarian 1940 urtean eraikia. ‘Ezekieltz’ Aprendiztegiko ikasleek eraikitako laugarren ontzia da, bere aurretik jatorri irlandarreko Waterwag bat, estatu batuetako Shellback dinghy bat eta Atturriko Couralin bat eraiki bait dituzte.

Pasaiako Itsas Kultur Faktoriaren eraikinetik bi ontziak, batel berria eta zaharra, eskutan abiatu dira Ondartxo pasealekutik eta uretaratzea egin dute trikiti doinuaz eta kalejira batez lagunduta. Talde horretan zihoazen besteak beste Andoni Etxarri, gaur egun ‘Maribeltz’ ontziaren jabea dena, eta itsas ondarearekin lanean ari diren zenbait eragile, esaterako Ziburuko Egurrezkoak elkartekoak.

Aurretik, Xabier Agote Albaolako presidenteak hitz batzuk zuzendu dizkie Faktorian bertan bildutako gonbidatu eta ikasleei. Bere esanetan, Albaolarentzat oso garrantzitsua da Aprendiztegiren proiektua; ikasleak zoriondu ditu ere egindako lanarengatik, eta ontzi txikien garrantzia eta funtzio historikoa azpimarratu du.

Segidan Javier Vizcayak hitz egin du, ontziaren eraikuntzaren ardura izan duen ikaslea. Eskolak egiten duen lan kolektiboa goraipatu du. Gaur San Ezekiel eguna da, eta bere aitonaren izena izanik, ontzi berriari ‘Ezekieltz’ izena jarri dio berak. Azkenik, Jon Maia bertsolariak bertso bat bota ditu batel berriaren aurrean.

Lanbide baten erreskatea
Aprendiztegi Albaolak 2017an sortu zuen Albaola elkarteak galzorian dagoen lanbide honi etorkizuna eman asmoz. Urtean soilik sei ikasle hartzen ditu eta ikasketa metodologia berritzailea du, ikasleen motibazioan eta hezkuntza esperientzialean oinarritua. Hiru urteko goi mailako ikasketa ziklo integrala eskaintzen du eta, iaz, bigarren promozioa gehitu zitzaien jadanik abian ziren lehenengokoei.

Aprendiztegiko ikasleek ondare balioa duten ontziekin lan egiteko aukera dute eta ontzi horietako bat da ‘Maribeltz’, euskal tipologiako zurezko batel tradizionala. 1940 urte inguruan eraiki zuen Emilio Irigoienek bere ontziolan, Getarian (Gipuzkoa), eta Albaolako arotzek 2011. urtean zaharberritze lanak egin zizkioten.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Día mundial del retrete
Didoe
Kutxa Fundazioa