Donostialdea ESIak bihar ostegunean, otsailak 7, arratsaldeko 18.00etan, ‘Osasuna zaintzea zeure esku dago’ izeneko jardunaldi irekia egingo du Donostiako Udalarekin elkarlanean, udal horretako Osoko Bilkuren Aretoan.
Ekitaldia mediku eta pazienteen arteko harremana hobetzeko helburua duen ‘Osasun Karpeta’ proiektuaren aurkezpenarekin hasiko da. Karpeta horren alderdi tekniko eta funtzionalak Marian Bermejok, Donostialdea ESIko Bezeroen Arreta Eremuen arduradunak, azalduko ditu. Eta bere abantailak, berriz, haren erabiltzailea den paziente batek agertuko ditu.
Donostialdea ESIan lantzen ari diren proiektu berri garrantzitsuen artean dago, halaber, ‘Eskariaren Kudeaketa’. Kasu honetan Bidebieta-Pasai San Pedroko erizaina eta Lehen Mailako Arretako unitateko burua den Xabi Sanzek azalduko du nola ari den garatzen proiektu hori. Horretarako, Bezeroen Arreta Eremuetako profesionalek eta erizainek hiritarren kontsultaren arrazoia baloratzen dute, diseinaturiko 20 protokolotan oinarrituta.
Beste alde batetik, ‘Paziente Bizia-Paciente Activo’ azalduko da bi ikuspegitatik: batetik, programa horren Donostialdea ESIko arduraduna den Lourdes Ochoa de Retanak parte hartuko du; eta, bestetik, programa horretako paziente batek hitz egingo du. Programa hau patologia kronikoak dituztenei eta beren zaintzaileei aukera ematen die gaixotasuna hobeto ezagutu eta hura kontrolatzeko, eguneroko bizitzan egin beharreko zainketak zein diren kontutan harturik.
Deja un comentario