“Lurraldeak ‘rara avis’ fiskala izateari utziko dio zerga Araba, Bizkaia eta Nafarroarekin lerrokatuz”, azaldu du Larrañagak diputatuak. EH Bildu eta Ahal Dugu-Podemosek, aldiz, “antisoziala” dela diote.
Ondarearen gaineko Zergaren bigarren erreforma onartu du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak. Foru ganberak onartu duen neurrien artean, hiru aldaketa nabarmen daude: izenaren aldaketa, ezkutu fiskala delakoa berreskuratzea eta zergaren tarifen eguneratzea. “Gipuzkoak ‘rara avis’ fiskala izateari utziko baitio, bere ondarearen gaineko zerga Araba, Bizkaia eta Nafarroarekin lerrokatuz”, azaldu du Ogasun eta Finantza foru diputatu den Jabier Larrañagak.
Erreformak EAJ/PNV, PSE-EE eta Alderdi Popularraren aldeko botoak jaso ditu. EH Bilduk eta Ahal Dugu-Podemosek, bere aldetik, aurka bozkatu dute. Gaur onartutako aldaketekin, zergaren izena aldatzen da, Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zerga izatetik Ondarearen gaineko Zerga izatera; ezkutu fiskala berreskuratzen da, hau da, muga bat ezartzen da, zergadun batek urte batean PFEZ eta Ondarearen gaineko Zergagatik zergetan ordaintzen duena bere urte horretako diru sarreren %65 gainditu ez dezan; eta tarifak igotzen dira, zerga bilketari eusteko.
Ogasun eta Finantza diputatuak gogoratu duenez, Gipuzkoa da Europa mailan ondarearen gaineko zergaren bat duen azken lurraldeetakoa, herrialde gehienek azken urteetan deuseztatu baitute tributua. Europar Batasunean, bi herrialde bakarrik mantentzen dute gaur egun: 2019an deuseztatuko duela iragarri duen Frantziak, eta Madril bezalako autonomia erkidegotan zerga indargabetuta duen Estatu espainiarrak. “Gipuzkoak ezin zuen jarraitu izaten alor honetan fiskalitate gogorrena zuen Europako lurraldea. Baina argi geratu dadila hemen ez zaiola inori ezer ere oparitzen: hemen inguruko lurraldeetan ordaintzen den berdina ordainduko da”, defendatu du.
Deja un comentario