Omara Portuondo, Kubako musikaren ezinbesteko izena, Buena Vista Social Club-eko diva, Tropicanako erregina, filinen neskalaguna, Kursaalen izango da bihar asteazkena, urriak 30, «Omara es Cuba – El último beso» nazioarteko bere azken itzuli haundiaren baitan.
Omararen birarik intimoena da hau, eta adiskidez inguratuta, bere obra musikal zabalaren hoberena eskainiko du bertan. Omarak bere lurrari kantatu nahi dio: “Kuba deitzen den herrialde batean jaio nintzen, palmondoak, eguzkia, hondar fina, Martí, Maceo, azukre-kanabera, melaoa, guarapoa, kafea, guk egiten dugun kafe guztiz zaporetsu hori den horretan! Musika ere bada Kuba, musikaren bidez adierazten ditugu gure nortasun kulturala definitzen duten elementuetako asko, eta ni nolakotasun horren guztiaren parte naiz”.
Horixe da Omara; apaltasuna xarma bihurtzeko bertute zoragarria, oihal xume bat jantzi fina egitea, kantu bat klasiko errepikaezina gertaraztea. Abesti askoren notak daude haren ahotsean: Adiós, Y Deja, Llanto de Luna, Noche Cubana, La Tierra del Son, Canción de un Festival, Veinte Años, Lágrimas Negras, Es Lo Que Me Queda Por Vivir, Son de la Madrugada, Guitarra en Son Mayor, Drume Negrita, Siboney… “bizitzeko geratzen zaidana irribarrez egingo dut, oinazea ezabatu egin baitut nire bizitzatik”.
Oraingo honetan, Kubako abeslariak ez du atzean orkestra haundi bat izango; laukote bat baizik, piano, baxu, bateria eta perkusioz osatutakoa. Roberto Fonseca pianista birtuosoak laguntzen dio, Omarak musikari handiez inguratu nahi duelako, baina baita bere jendeaz eta konfiantzazko lagunez ere. Eta, horregatik, gonbidatu berezien zerrenda bat ere badu itzuli honek, musikari izarrez gain, beraren parcero, beraren pana, beraren carnal, beraren asere direnak, eta baita moninaren bat ere, Kubako landazabalean betiko lagunei esaten dieten bezala.
Omara es Cuba – El último beso itzuliak abeslariaren obraren hoberena jasotzen du, berdinik gabeko elezahar bat eszenan ikusteko aukera paregabean.
OMARA PORTUONDO
Asteazkena, urriak 30 / 20:00
Sala de Cámara Kursaal
40 €
Deja un comentario