Oihane Otaegi eta Mikel Unanue podiumera igo dira World Curling Tourreko Hvidovre Kopan. 2022an zilarrezko domina eskuratu zuten txapelketa honetan eta gaur brontzezko domina irabazi dute Danimarkako hirian jokatutako txapelketan.
Donostiarrek lehen postuan bukatu zuten txapelketako multzoen fasea, hiru garaipen eta porrot batekin. C multzoan kokatu zituzten, Immonen eta Sipil finlandiarrekin Thomson britainiarrekin, Müller eta Ferguson austriarrekin eta Chang eta Goldbeck etxekoekin batera.
Lehen norgehiagokan 5-6 galdu zuten Austriako bikotearen aurka, baina hortik aurrera ez zuten porrot gehiagorik jaso. Chang eta Goldbeck danimarkarrak (6-8), Thomson britainiarrak (7-5) eta Immonen eta Sipilensek osatutako Finlandiako bikotea (5-6) gainditu zituzten.
Gaurko final-laurdenetan indarrak neurtu behar izan dituzte berriro Finlandiako bikotearekin eta 5-4 menderatu dute. Finalerdietan, ordea, Danimarkako beste talde baten aurka jokatu behar izan dute, eta oraingoan ezin izan dute norgehiagokaren norabidea aldatu, maldan gora jarri baitzaie. Lander eta Holtermannen aurrean galdu dute 8-1.
Emaitza horren ondorioz, brontzezko partida jokatu behar izan dute gipuzkoarrek. Norgehiagoka oso lehiatua izan da Danimarkako hirugarren bikotearen aurka: Schmidt eta Qvist. Etxekoak aurretik jarri dira partidaren lehen zatian, baina Otaegik eta Unanuek presioa kontrolatu dute markagailuari buelta emateko eta 6-5 gailentzeko.
Denboraldi honetan World Tourraren barruan binaka jokatu duten laugarren Kopa da gaurkoa, Praga, Lodz eta Goteborgekoaren ondoren. Gogoratu behar da apirilaren 26tik maiatzaren 3ra Frederictonen (Kanada) jokatuko den bikote mistoen Munduko txapelketa dela aurtengo euren helburu nagusia, 2026ko Milan-Cortina d ‘Ampezzoko Neguko Jokoetarako sailkapen txapelketa baita.
Deja un comentario