Deustuko Unibertsitateak aste honetan hasiko du bere jarduera akademikoa, nazioarteko ikasleei ongietorria eginez eta 1. mailako ikasleen harrera jardunaldiekin. Guztira, graduko eta graduondoko trukeko eta CIDEko (atzerritarrentzako gaztelania ikastaroak) 648 ikasle izango dira ikasturteko lehen seihileko honetan Bilbon (511) eta Donostian (134), 40 herrialde baino gehiagotatik etorriak. Gainera, atzerriko beste 50 ikasle arituko dira International Virtual Campusean, mundu osoko unibertsitate bazkideetako ikasleei nazioartekotze aukera eskuragarriak eta inklusiboak eskaintzeko pentsatutako espazio digitalean.
Ikasleak herrialde hauetakoak dira: Albania, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Austria, Belgika, Brasil, Danimarka, Erresuma Batua, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, India, Irlanda, Italia, Japonia, Kanada, Kolonbia, Koreako Errepublika, Kroazia, Letonia, Lituania, Malta, Maroko, Mexiko, Norvegia, Peru, Polonia, Portugal, Puerto Rico, Suedia, Suitza, Taiwan, Txekiar Errepublika, Txile, Txina eta Turkia.
Graduko ikasleei dagokienez, 2.440 ikaslek baino gehiagok hasiko dituzte aurten ikasketak Deustuko Unibertsitatearen bi campusetan eta Gasteizko egoitzan. Maila guztietako eskolak irailaren 9an hasiko dira. Bestalde, ikasturtearen irekiera ekitaldi ofiziala irailaren 25ean izango da, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru dela.
Nazioarteko ikasleen harrera Donostiako campusean
Donostiako campusak ongietorri instituzionala egingo die trukeko 137 ikasleei, irailaren 4an, asteazkena. Ekitaldia 15:15ean izango da, Loiola Centrumen (aurretik, 15:00etan, taldeko argazkia egingo da). Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordeak, hartuko du parte bertan. Campuseko harreraren ondoren, 16:30ean, Donostiako alkate Eneko Goiak egingo die harrera nazioarteko ikasleei, hiriko Udaletxeko Udalbatza Aretoan. Eguna amaitzeko, nazioarteko ikasleek hiria ezagutzeko aukera izango dute, ‘big buddiek’ lagunduta.
Ikasturte honetako berrikuntzak
Ikasturte honetako berrikuntzen artean daude Ingeniaritza Matematikoko gradua eta Zuzenbidea + Filosofia, Politika eta Ekonomia gradu bikoitza, biak Bilboko campusean. Donostiako campusean, bestalde, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Digital Business Intelligence (Deusto Business Analytics Programme) gradua eskainiko da.
Deja un comentario