Inicio » Idiomas » Euskera » Musika: Joseba Tapiak aurtengo Adarra Saria eskuratu du
Kultura

Musika: Joseba Tapiak aurtengo Adarra Saria eskuratu du

Garaikurra ekainaren 21ean jasoko du Victoria Eugenia Antzokian, han bertan kontzertua eskainiko duelarik

Joseba Tapia, 2022ko Adarra Saria. Irudia: Gaizka Peñafiel.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea daraman artista bati omen egiteko. Eta 2022 urte honetakoa Joseba Tapia lasarteoriatarrarentzat izan da. Tapiaren ibilbide aberatsa bi norabidetan banatzen da: alde batetik, trikitixa eta erromeria; eta bestetik, kantagintza.

Ekainaren 21ean (19.30etan), Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra. Segidan, bere azken diskoa, Egon edo ez egon, aurkeztuko du Tapiak han bertan. Sarrerak gaur jarri dira salgai, 18 eurotan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean. Kontzertu honek Tapiak apirilaren 28an Victoria Eugenia bertan eman behar zuen kontzertua ordezkatuko du.

Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatutako Aholku Batzordeak aho batez erabaki du irabazlearen izena.

Horretarako, dio Udalak bidali duen komunikatuan, kontuan hartu dira “Joseba Tapiaren ibilbide luzea, moldakortasuna (era askotako estiloetan eta musikari handi askorekin frogatu baitu bere musika-bikaintasuna), herri-musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana, eta hainbat eta hainbat pieza berri konposatu izana, bai eta akordeoiak askotariko musika-ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izana ere”.

Lehenago Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak eta Amaia Zubiriak jaso dute Adarra Saria. Bera hurrengoa zela jakin duenean, Tapiak hau adierazi du: “Aurretik sarituak izan diren euskal kantari horien belaunaldiko, ekipoko, taldeko sentitzen naiz. Euskal kantari profesionalak gara eta borrokan ari gara euskararen eta artearen alde. Sari hau nire izenean badator ere, nirekin ibili diren eta dabiltzan musikari, teknikari eta profesional guztiekin partekatu nahiko nuke”.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Didoe
Kutxa Fundazioa
Día mundial del retrete