Musika Aitzaki Zikloak aurrera egingo du eta datozen egunotan lau hitzordu izango ditugu. Lehenbizikoa astelehenean, abuztuaren 12an, iritsiko da, Estibalizko Andre Mariaren Santutegira. Capilla Santa Mariak emanaldia egingo du 20:30ean hasita. Carlos Mena kontratenorrak, Daniel Zapicok (tiorba) eta Carlos García-Bernalt-ek (organoa) osatzen dute Capilla Santa Maria eta, “Soli Deo Gloria” izenburupean, Jainkoari egindako goraipamenik handiena adierazi nahi duen birtuosismo bokalari buruzko lana ekarriko dute Estibalizera. Egile espainiarren, alemaniarren, ingelesen eta italiarren altxor barrokoak eskainiko dituzte, Carlos Mena arabarraren ahots delikatuaren protagonismo bereziarekin. Besteak beste, Mazzocchi, Monteverdi, Purcell, Schütz, Buxtehude, Ferrari, Arauxo edota Torres konpositoreen lanekin gozatu ahal izango dute entzuleek. Sarreren prezioa 8 eurokoa da.
Asteazkenean, abuztuaren 14an, Getarian egingo du geldialdia Musika Hamabostaldiak. Bertako San Salvador Elizan kontzertua eskainiko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, 22:00etan. Waldemar Machmar kontzertinoaren zuzendaritzapean, Bach, Mozart, Suk eta Illarramendiren lanak eskainiko ditu EOSek, ganbera formatuan. Elkanoren itsasaldiaren 500. urteurrena betetzen den honetan. Hamabostaldiak obra bat sortzeko enkargua egin dio Ángel Illarramendi konpositore zarauztarrari eta lan horren estreinaldia izango da aipatutako kontzertuan. Sarrerak (gonbidapenarekin) agortuta daude dagoeneko.
Musika Aitzaki zikloko hitzordu klasikoa bilakatu da Arantzazukoa azken urteotan, Santutegiak 2008an Hamabostaldiko emanaldi bat lehen aldiz hartu zuenetik. Donostiako Orfeoia arituko da han ostiralean, abuztuaren 16an, 19:00etan. Gainera, aurtengo hitzorduak ospakizun bikoitza ekartzen duela esan daiteke; alde batetik Hamabostaldiak 80. ekitaldia betetzen duelako eta, bestetik, 50 urte direlako Jorge Oteizak apostoluak kokatu zituenetik. Orfeoiak Gabriel Fauré-ren Requiem-a eta John Rutteren Gloria aukeratu ditu emanaldirako. Zalantzarik gabe, Requiem-a Orfeoiaren lan bereizgarrietako bat bilakatu da, Fauré-ren lana interpretatu duen bakoitzean ahobatezko aitorpena jaso izan duelako Orfeoiak. Bestalde, John Rutter (Londres, 1945) musika koraleko gaur egungo konpositore handienetako bat da eta Gloria, haren lan ezagunenetako bat. José Antonio Sáinz Alfaro Orfeoiaren zuzendaritzapean, Julia Blasco sopranoa eta Jesús García Aréjula baritonoa arituko dira Arantzazun. Sarrerak 18 eta 14 eurotan eskuragarri izango dira.
Leyreko Monasterioa ere leku berezia da, zalantzarik gabe. Ana Belén García organistak eta Ander Tellería akordeoilariak kontzertua eskainiko dute larunbatean, abuztuaren 17an, 19:45ean. Milaka urte dituen Leyreko Monastegiko abadia-elizako organoa erreferentziazko instrumentua da gaur egun. Garcíak eta Telleríak Cabanilles, Bach, Piazzolla edota Gershwin bezalako konpositoreen piezak eskainiko dituzte. Ez ohiko tandema egungo eszenatokietan, akordeoiak eta organoak interpretatutrako programa guztiz original batean. Sarrerak 8 eurotan izango dira salgai.
Deja un comentario