Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak sustatuak, bosgarren edizioko programazioa osatzeko jardueren lehen deialdia irekiko du laster. OPEN Mugak/ izenpean, datorren udazkenean Euskadiko hiru hiriburuetan arkitektura ospatzeko proposamenak diruz laguntzea du helburu. Epea urtarrilaren 15etik otsailaren 15era egongo da zabalik.
Lehen aldiz, finantzaketa behar duten jardueren deialdia nazioko eta nazioarteko edozein erakunde eta/edo pertsona fisikori zuzenduta dago, eta ez Euskal Autonomia Erkidegokoei bakarrik. Horrela, Arku Atlantikoaren hitzordu arkitektoniko nagusiaren bosgarren edizioak programa tematikoak, hitzaldiak, bisitak, erakusketak eta doako kultur adierazpenak bilatzen ditu, ‘Gazteluak airean, edo nola eraiki gaur egungo utopia’ aurtengo leloaren barruan.
Mugak/ bienalaren bosgarren edizioa hausnarketarako eta esperimentaziorako gune kolektiboak partekatzeko gonbidapena da, bizi nahi ditugun etorkizun hoberenetarantz aurrera egitea erraztuko diguten utopia arkitektonikoak zeintzuk diren aztertzeko. Guztira, OPEN Mugak/ deialdiaren aurrekontua 150.000 €-koa da, 50.000 € Euskadiko hiriburu bakoitzeko. Proiektu bakoitzak 15.000 euroko finantzaketa jaso ahal izango du gehienez.
Ahal dela, proposamenak Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen garatuko dira, eta positiboki balioetsiko da horiek egiteko leku baieztatu bat izatea. Hala ere, antolakuntzak, aukeratutako proposamenaren edukiaren eta formatuaren arabera, bere espazio batzuk erabiltzeko aukera eskaini ahal izango du, hala nola Euskadiko Arkitektura Institutua, Bienalaren egoitza, edo berriki iragarri diren arkitektura iragankorrak, Bilboko Emakumeen plaza, Gasteizko Andre Maria Zuria eta Donostiako Alderdi Ederreko zabalgunea hartuko dituztenak.
Oinarri osoak, hautaketa-irizpideak eta informazio guztia Mugak/ webgunean kontsultatu ahal izango dira urtarrilaren 15etik aurrera. Plataforma horretan bertan irekitako kanal baten bidez aurkeztuko dira proposamenak.
Deja un comentario