Inicio » Idiomas » Euskera » Mondragon Unibertsitateak eskaintza akademikoa zabalduko du datorren ikasturtean, hamar titulu berri eskainiko baititu bere lau jakintza-arloetan

Mondragon Unibertsitateak eskaintza akademikoa zabalduko du datorren ikasturtean, hamar titulu berri eskainiko baititu bere lau jakintza-arloetan

Eskaintzak master, aditu-ikastaro eta espezializazio-ikastaro berriak hartzen ditu barne

Mondragon Unibertsitateak eskaintza akademikoa zabalduko du 2024-2025 ikasturtean, hamar titulu berrirekin —lau master, gradu bat, aditu-ikastaro bat eta lau espezializazio-ikastaro—, ingeniaritzaren, enpresa-kudeaketaren, ekintzailetzaren, hezkuntzaren, humanitateen eta gastronomiaren jakintza-arloetan. Gainera, lehendik dauden tituluetako bat beste campus batzuetan eta beste modalitate batzuetan ere emango du unibertsitateak. Eskaintza berri horren helburua da gizartean izandako aldaketek ekarri dituzten beharrei erantzutea eta aldaketa horien araberako lanpostuak betetzea, prestakuntza berrien bidez.

Eskaintza berri hori, beraz, gehitu egin zaie unibertsitateak ikasturte honetan eskaini dituenei: graduko 18 titulu —horietako 12, dualak—, 21 unibertsitate-master eta doktoregoko 4 programa, bai eta hainbat graduondoko, titulu propio eta aditu-ikastaro ere zortzi arlo horietan.

Goi Eskola Politeknikoa

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Mekatronikako Gradua eskainiko du Galarretako campusean, 2024-2025 ikasturtean. Orain arte, gradu hori Arrasaten eta Bilbon eman da, eta, datorren ikasturtetik aurrera, Galarretako campusean ere emango da. Titulu horretan, produktuen, makinen, ekipamenduen eta abarren bizi-zikloaren garapena, optimizazioa, muntaketa, automatizazioa, prestaketa eta mantentzea landuko dituzte ikasleek. Karrera amaitutakoan, industria-sektorean, osasun-arloan (industria mediko eta farmazeutikoan) eta irakaskuntzan lan egiteko gai izango dira, besteak beste. Gradu berri hori Goi Eskola Politeknikoak ematen dituen hamar graduei eta bederatzi graduondokoei gehituko zaie.

Enpresagintza Fakultatea

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak hiru berrikuntza ekarriko dizkio unibertsitatearen datorren ikasturteko eskaintza akademikoari. Zehazki, bi master berri eta onlineko etengabeko prestakuntzako ikastaro bat izango ditu.

Ekintzailetzako eta Berrikuntza Irekiko Unibertsitate Masterra da, gaur egungo aldaketa-uneari erantzun nahi diona, eta etorkizuneko eraldaketa- eta sorkuntza-prozesuetan liderrak izango diren pertsonak prestatzea du xede. Master horrek ekintzailetza eta barne-ekintzailetza bultzatu nahi ditu, eta irtenbide praktiko eta bideragarriak bilatu, egungo erronka sozial, ekonomiko, ingurumeneko, teknologiko, hezkuntzako edo sozio-sanitarioei aurre egiteko, testuinguru errealetik eta diziplina anitzeko lantaldearen barruan betiere.

Negozioari aplikatutako datuen alorrean, Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako onlineko Masterra eta Datuen Gobernu eta Kudeaketa Estrategikoko Etengabeko Prestakuntzako onlineko Ikastaroa emango dira. Horien helburua da profesionalak prestatzea, erabaki informatuak har ditzaten, datuetan oinarrituta, ez intuizioetan. 0Ingurune ekonomiko global honetan, izugarri lehiakorra eta dinamika aldakorrekoa izaki, lehiarako abantaila izateko aukera ematen die erakundeei sortutako datuen bolumeneko eztanda aztertzeak.

Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako Masterra programa berritzailea da Espainiako unibertsitate-agertokian, eta espezializazio-izaera dauka. Programa integratzailea eta diziplinartekoa da, eta ikasleei ezinbesteko tresnak eskaintzen dizkie negozioen ikuspegi garrantzitsuak ateratzeko eta antolakuntza-arlo ezberdinetan aplikatutako analisi-ereduak erabiltzeko, hala nola marketina, finantzak, eragiketak eta pertsonen kudeaketa, besteak beste. Master horiek Enpresagintza Fakultateak eskaintzen dituen bederatzi graduondokoei eta hiru graduei gehituko zaizkie.

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak hiru titulu berri izango ditu; Hezkuntzaren arloko master bat da nabarmentzekoa.

Hezkuntza Berrikuntzarako Ikerketako Unibertsitate Masterra % 100 online emango da, eta ikasleak hezkuntzaren arloan berrikuntza-ildo berriak identifikatzeko gai izateko prestatzea du helburu. Ikasleak ikertzaile izan ahalko dira, eta doktorego-programan sartu. Titulua euskaraz zein gaztelaniaz emango da. Ikasleek, gainera, bi ikasketa-erritmo izango dituzte aukeran, urte batean edo bi urtean egiteko aukera izango baitute.

Bestalde, urrian, Euskararen normalizazioa eta normatibizazioa XXI. mendean espezializazio-diploma hasiko da, Euskaltzaindiaren eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen arteko elkarlanari esker. Espezializazio-diploma horrek prestakuntza sendoa eskaintzen du euskararen XXI. mendeko normalizazioaren eta normatibizazioaren alderdirik garrantzitsuenen inguruan, eta espero da graduondoko ikasleek etorkizunean Euskaltzaindiaren proiektuetan parte hartzea. Espezializazio-diplomaren saio presentzialak astearte eta ostegunetan izango dira, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan, eta VICOMTECH eta UZEI erakundeak ere elkarlanean arituko dira. Titulu berri horiek Unibertsitateak eskaintzen dituen lau graduei eta bi masterrei gehituko zaizkie.

Gastronomia Zientzien Fakultatea

Gastronomia Zientzien Fakultatea – Basque Culinary Centerrek prestakuntza-eskaintza handituko du eta Food Design: Berrikuntza Produktu, Zerbitzu eta Esperientzia Gastronomikoetan Masterra eskainiko du. Master horren lehen edizioa 2025eko urtarrilean hasiko da, formatu hibridoan. Merkatuko prestakuntza-eskaintzari ikuspegi berritzaile eta sortzaile batetik erantzuteko beharraren ondorioz sortu da, eta elikagai-industrian aldaketa nabarmenak bultzatzea du xede, erronkei aurre eginez, aukerak sortuz, eztabaidak piztuz eta narratiba jasangarritasunera bideratuz, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren integrazioan eta kulturarekiko errespetuan oinarrituta, gastronomiaren eta diseinuaren arteko sinergiak bilatuta.

Graduondoko hori Fakultateak gaur egun ematen dituen hamar ikastaroei gehituko zaie, eta, Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako Graduari, Gastronomia Zientzietako Doktoregoari eta sektoreko profesionalentzako espezializazio-ikastaroei. Gainera, Basque Culinary Centerrek beste hiru espezializazio-ikastaro ere emango ditu laster: sukaldaritzan metodologia zientifikoarekin berritzeko ikastaroa, chef ikertzaile gisa aritzen diren edo aritu nahi duten pertsonei zuzendua, sukaldaritzan berritzeko metodologia zientifikoa nola aplikatu ikasteko oinarriak ematen dituena; Molecular Cooking ikastaroa, tutoretzapeko onlineko lehen ikastaroa, ingelesez, eginez ikasi (learning by doing) ikuspegian oinarritua, gastronomiaren esparruan sukaldaritza molekularra ardatz hartuta abangoardiako sukaldaritzako produktuen eta tekniken funtzionamendua ulertzeko beharrezko oinarriak ematean datzana, eta Gastronomy tourism experience design ikastaroa, ingelesez, bidaiariak liluratzeko eta gastronomiaren eta turismoaren industrian arrakasta lortzeko esperientzia paregabeak diseinatzen eta zuzentzen lagunduko duena. Orobat, berrikuntza gisa, Basque Culinary Centerrek Gastronomiako Prestatzaileen Diploma jarriko du martxan. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin batera diseinatu da, eta online emango da eta sukaldaritza- eta ostalaritza-eskoletan edo lanbide-heziketako ikastetxeetan jardunean dauden irakasleei zuzenduta dago.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Didoe
Kutxa Fundazioa
Día mundial del retrete