Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen-ematea zabalik da urriaren 18ra arte. Donostiako Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkarteak lortutako akordioari esker 25 euro ordaindu behar dute soilik praktika behar duten parte hartzaileek.
Egitasmo hau euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleei zuzenduta dago eta berebiziko garrantzia du ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko.
Izen ematea zabalik urriaren 18ra arte
Mintzalagun egitasmoan izena emateko epea zabalik da eta urriaren 18an amaituko da, beraz, euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek izena emateko aukera dute. Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen www.bagera.eus webgunea izango da. Horrez gain, elkartearen egoitzan (Hernani kaleko 15. zenbakian) ere egin daiteke.
Parte hartu mundu berri honetan
Euskaraz gehiago hitz egitea nahi baduzu, edo euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi baduzu, hau da zure aukera. Mintzapraktika hiruzpalau laguneko taldetan elkartuta egiten da eta parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.
Adiskide giroan arituko zara hizketan eta pixkanaka sumatuko duzu mintzapraktikaren efektua, izan ere, esperientziak erakutsi digu hizkuntza bat bidelagunekin batera ikasten bada, orduan indartzen dela haren erabilera. Kalean ere imajinatzen ez zenuen hamaika pertsonekin hasiko zara euskaraz hitz egiten.
Gurasolagunak: Mintzalaguna eskolan!
Ikastetxeekin “Gurasolaguna” Mintzalagunaren aldaera eskainiko da Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzari esker. Gurasolaguna aldaeran ikastetxe bereko gurasoekin osatuko dira mintza taldeak. Bereziki, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako lehen zikloko gurasoei eskainitako aldaera da, izan ere, bereziki adin horretako haurren gurasoek egiten duten ahaleginak berebiziko garrantzia du familiaren hizkuntza ohituretan.
Laguntzaileak
Ikasturte honetan ere euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi dutenei laguntzeko prest bazaude, lagundu jauzi egiten! Nahikoa da astean ordubete eskaintzea, eta ikasleek euskaren erabileran aurrera egiten lagunduko lukete animatzen den laguntzailea.
7.000 lagunetik gora Euskal Herrian
Mintzalaguna egitasmoa 1993an urte sortu zuen Bagera elkarteak, eta geroztik, Donostian, pertsona asko aritu da euskaraz berriketan asteroko hitzorduetan Donostiako kaleetan. Eta Donostian ez ezik, Euskal Herriko 120 herri eta hirietan ere zabaldu da egitasmoa, azken ikasturtean esaterako 7.000 mintzalagun aritu dira Euskal Herri osoko 22 herrietan . Horiek guztiek, une batean, jauzi egin dute: etxetik taldeko girora lehendabizi eta, taldeko konplizitatean, kaleko erabilerara gero.
Deja un comentario