Inicio » Idiomas » Euskera » Mª Jesús Ramírez Fernández «Chucha» eta Calcuta Ondoan, 2024ko Agustín Ugarte saria jaso dute

Mª Jesús Ramírez Fernández «Chucha» eta Calcuta Ondoan, 2024ko Agustín Ugarte saria jaso dute

Sariaren helburua da Gipuzkoako lankidetza zeregin kolektibo gisa ikusaraztea eta Gipuzkoako erakunde, entitate eta pertsona indibidualen ekarpena aitortzea

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura eta Nazioarteko Lankidetzako Departamentuaren bidez, Agustín Ugarte saria eman die Mª Jesús Ramírez Fernándezi («Chucha») eta Calcuta Ondoan GKEari. Sari honek, Mª Jesús Ramírezek eta Calcuta Ondoan erakundeak bezala, komunitate ahulenen zerbitzura lan egin duten pertsonen eta erakundeen konpromisoa, elkartasuna eta dedikazioa aitortzen ditu.

Goizane Alvarez Kultura eta Lankidetza diputatuaren hitzetan, «gaur Calcuta Ondoan eta María Jesús, ‘Chucha’, omentzen ditugu. Askatasunaren, duintasunaren eta kultura demokratikoaren sinboloak zarete, sariari izena ematen dion Agustin Ugarte bera bezala. Gaur bien bizitza eta ibilbidea ospatu nahi ditugu. Sari honek pertsona eta erakundeen lan nekaezina nabarmentzen du, beren lanarekin komunitaterik ahulenen bizitzetan aldaketa sakonak eta iraunkorrak eragin baitituzte. Herriaren boterearen sinbolo bat munduaren eraldaketan, eskerrak eman nahi dizkiet bazterkeria ilusio bihurtzeagatik, ahulezia kolektiboko egoera indarguneak ereiteko eremu bilakatzeagatik».

Mª Jesús Ramírez, «Chucha» izenez ezaguna azaldu du «elkartasuna, konpromisoa edo laguntza bezalako balioak txikitatik irakatsi zizkidaten etxean. Baden Powellek zioen: «Mundua aurkitu duzuen baino hobeto utzi». Esaldi hori beti izan dut lagun «. Donostian jaio zen eta Sortzez Garbiko ahizpa frantziskotarra da. 73 urte ditu eta horietatik 25 Hondurasen zerbitzatzen eman ditu, batez ere landa-komunitate behartsuetan. Bere bokazio solidarioa Espainian hasi zen, non legenar-erietxe batean boluntario bezala lan egin zuen eta, ondoren, Indiako legenardunentzako ospitaleetan. Mitch urakanaren ondoren, 1999an, Hondurasera joan zen, eta herrixkak elektrifikatzeko, etxebizitzak eta zentro komunitarioak eraikitzeko eta azpiegiturak hobetzeko lanetan aritu zen. Gainera, hezkuntza-ekimenak, emakumeak ahalduntzeko proiektuak eta presoentzako tailerrak gidatu ditu. Bere konpromisoari hainbat sari eman zaizkio, eta bere lanak ehunka lagunen bizitza hobetu du, giza eskubideen eta ahulenen defendatzaile gisa sendotuz.

2024ko Agustin Ugarte sari kolektiboa jaso duen Calcuta Ondoan elkartea 1999an sortu zen Gipuzkoan, eta aurten 25. urteurrena ospatzen dute. Izaskun Andonegi eta Iñigo Eguren Calcuta Ondoan elkarteko sortzaileek azpimarratu dutenez, «25 urte hauetan jende on askorekin egin dugu bat. Gipuzkoako gizarteak hasieratik babestu zuen proiektua. Lan egiten dugun Indiako pertsonen eraldaketa ezagutzeak indarra eman digu une zailetan «.

Sortu zenetik, Calcuta Ondoan elkarteak lankidetzako proiektuak garatu ditu, hala nola «Ashabari» eta «Ashajothi», emakumeen ahalduntzera, osasunera eta giza eskubideetara bideratuak, genero eta ekologia ikuspegia txertatu arte eboluzionatu duen esku-hartze eredu batean oinarrituta. Gaur egun, erakundeak 20.000 emakume onuradun baino gehiago ditu Indian, eta aliantza estrategikoak ditu erakunde feministekin eta ingurumen-eskubideen aldeko erakundeekin.

Agustín Ugarte saria

Kultura eta Nazioarteko Lankidetzako Departamentuak 2021ean erabaki zuen Agustín Ugartek 1989tik Behar Bidasoarekin egin duen lan handia aitortzea. Behar Bidasoa, une horretatik aurrera, bere lana eta bizitza izan zen. Agustín Ugartek hasieratik jakin zuen oso garrantzitsua zela ezagutzera ematea, bidegabekeriak erakustea, elkartasunean, hau da, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzak duen garrantzian sentsibilizatzea eta inplikatzea, gure esku dauden bitarteko guztien bidez, modu iraunkor eta etengabean, eta tokian tokiko garapenean lankidetzan aritzea.

2021ean saria Agustín Ugarterentzat izan zen, 2022an Mari Cruz eta Mila Andueza izan ziren saridunak, eta Mugen Gainetik GKEa sari kolektiboan eta 2023an Aita Olaran eta Medicus Mundi GKEa.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *