Gipuzkoako Foru Aldundiak liztor beltzaren habiak desaktibatzeko kanpaina jarri du martxan. Lan taldea osatzen dutenak dira: Suhiltzaileak, basozainak, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kideak eta Landa Garapen Elkarteko, udaletako eta Aldundiko langileak. Liztor beltzaren erreginek hibernatzen pasa dute negua eta udaberriarekin batera, neguko ezkutalekutik atera eta habia berriak egiteari ekin diete. Hori dela eta, erlezaintzan, nekazaritzan eta ingurumenean sortzen dituen kalteak murriztea da helburua.
Liztor beltzak buru beltza eta aurpegi laranja ditu; bertako liztorrengandik bereizten duena hankak dira, gorputzaren aldeko zatia beltza eta puntak horiak baititu. Liztor beltzaren lehen habiak toki babestuetan kokatu ohi dira: teilatu-hegal azpietan, ganbaretako sabaietan, balkoietako sabaian eta pertsianen kaxetan esaterako. Uztaila amaiera bitarte ikusten dira eta forma esferikoa dute, ia borobila.
Lehen habia suntsitu ezean handiagoak egiten dituzte, eta uda edo udazken parterako bakoitzean 3.000 liztor inguru izatera iritsi daitezke. Liztor beltzaren habi bat ikusiz gero udalera deitzeko eskaera egin du Aldundiak, protokoloa martxan jarri dadin.
Aipagarria da, lehen habia hauek ilunabarrean suntsitu behar direla, egunez liztorrak janari bila baitabiltza. Erregina kanpoan dagoela kenduz gero, honek beste habia bat eraikiko du eta esfortzu guztiak alferrikakoak izango lirateke.
“Liztor beltzak, ondutako frutak hozkatzen ditu, erleak eta bestelako zomorro ugari erasotzen ditu, bertakoa den liztorrarekin lehiatzen du eta polinizatzaileak diren espezieen jokabidea eraldatzen du. Horrenbestez, liztor beltzaren ondorioak oso nabarmenak dira” azaldu du Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natur Inguruneko zuzendariak.
Deja un comentario