Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta Donostia Kulturak hainbat jarduera antolatu ditu hilaren 20tik 26ra liburutegi eta kultur etxeetan. Hala ere, bigarren urtez jarraian eta egoera pandemikoak hala behartuta, ez da azokarik izango Gipuzkoa Plazan.
Aurten ere, 1996tik datorren ohiturari jarraipena emanez, Donostia Kulturaren liburutegietara, 23tik aurrera, hurbiltzen diren irakurleei euskal ilustratzaile batek Liburuaren Egunerako diseinatutako orri-markagailu bat banatuko zaie. Aurten, Miren Asiain ilustratzaileak bete du lan hori.
Bestalde, erabiltzaileen fideltasuna saritzeko, udal liburutegiko 20 irakurle onenak sarituko dira, 10 haur eta 10 heldu. Bakoitzari diploma bat eta liburuak erosteko 30 €ko bonu bana emango zaie.
Aste osoan zehar haurrentzako ipuin kontaketa eta ekitaldi bereziak izango dira, online eta aurrez aurre. Hilaren 23an Donostia Kulturako Youtubeko kanalera igoko diren bi grabazio nabarmentzen dira. Alde batetik, Liburu Challenge 2.0, liburuaren inguruko umorezko erronkak, Markel Sainz, Xanti Korkostegi eta Lorea Intxaustiren eskutik. Bestalde, Liburu Baby Kluba berezia, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Ikastetxeei gonbita egin zaie grabazio horiek egun horretan ikasleei gelan jartzeko, Liburuaren Eguna ospatzeko.
Jarduera presentzialei dagokienez, hilaren 23an bertan, Ana Galarragak, «Marikalanbre, bizitzaren laborategian» liburuaren egileak, ipuin kontaketa saioa eskainiko du Liburutegi Nagusian, eta dagoeneko bete dira eskainitako plazak.
Okendoko, Aieteko, Intxaurrondoko eta Tomaseneko kultur etxeetako liburutegietan haurrentzako tailerrak eta jarduerak antolatu dituzte egun horietan guztietan. Gainera, Okendo eta Tomasene kultur etxeetan helduentzako jarduerak ere izango dira. Apirilaren 20tik 26ra bitarteko literatur jarduerak loturan daude kontsultagai.
Liburuaren egunean, Donostiako liburu dendek %10eko beherapen tradizionala egingo dute liburuen erosketan.
Deja un comentario