Inicio » Idiomas » Euskera » Lehen aldiz karbono-neutraltasuneko ekitaldia izan da Donostia Zinemaldia, 72. edizioan

Lehen aldiz karbono-neutraltasuneko ekitaldia izan da Donostia Zinemaldia, 72. edizioan

% 27,6 murriztu ditu isuriak urtebetean

Donostia Zinemaldiak jasangarritasunari buruzko urteroko laugarren txostena egin du. Zinemaldiaren 72. edizioko (2024ko irailaren 20tik 28ra) karbono-aztarnaren neurketaren eta ingurumen-jasangarritasunaren ebaluazioaren emaitzak xehatzen ditu txostenak. 2574079,65 kg CO2 baliokide isuri zituen Zinemaldiak, eta erabat konpentsatu dira isuri horiek Naturklimak kudeatzen duen Gipuzkoako borondatezko karbono-funtsaren bidez. Hau da, txosten hau 2021ean lehen aldiz egiten hasi ginenetik, Zinemaldiak karbono-neutraltasuneko edizioa izan du.

Zinemaldiak emandako eta Creast ingurumenaren arloko aholkularitza-enpresak egiaztatutako datuen arabera, % 27,6 murriztu dira orokorrean isuriak iazko datuekin alderatuta eta Zinemaldiak ingurumenaren arloan duen arazo nagusia mugikortasunarekin lotuta dago. Kategoria horretan, publikoaren, filmen taldeen, akreditatutako prentsaren eta industriaren, antolakuntzaren, babesleen eta hornitzaileen joan-etorriak analizatzen dira. Denen artean, 1753890,04 kg CO2 baliokide isurtzen dute, Zinemaldiaren guztizko karbono-aztarnaren % 68.

Karbono-aztarna kalkulatzea lehen urratsa da edozein enpresaren edo korporazioren jarduera profesionalak sortutako berotegi-efektuko gasen emisioa murriztu eta konpentsatu egin behar dela ondo barneratzeko. Datu horri esker, Zinemaldiak ibilbide-orri bat egin du eta, hori oinarri hartuta, neurriak hartu eta aldaketak egin ditu lan-prozesuetan, eta aztarna murriztea lortu du. Hona adibide batzuk: alfonbra gorri birziklatu eta birziklagarria erabiltzea, behin bakarrik erabiltzeko paper gutxiago erabiltzea, antolatzaileen bidaietan trenari lehentasuna ematea beste garraiobide batzuen aldean, ibilgailu ofizialen flotan auto hibridoak, elektrikoak eta errekuntzakoak erabiltzea eta kargagailu berriztagarriak erabiltzea, eta Kursaal lehenago itzaltzea eta behar den orduetan bakarrik piztuta uztea.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

8M
Didoe
Kutxa Fundazioa