Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Hezkuntza saileko Lanbide Heziketa atalak, Lanbide Heziketarako euskarazko baliabideez eta euskarazko Lantokiko Prestakuntza eta Dualaz (LP-Duala) arduratzen den LANEKI elkarteak eta euskara eta berrikuntza sozialean aholkularia den EMUN kooperatibak esperientzia pilotua abiatu dute elkarlanean, Lanbide Heziketako LP-Duala euskaraz egitea sustatu asmoz. Euskaraz, talentua gara! lemapean, praktika onak identifikatu eta zabaltzeko kanpaina jarriko da abian, Ikastetxeetako hainbat arduradunentzako (Zuzendaritzako kideak, Hizkuntza Normalkuntza Arduradun Teknikariak, LP-Dualeko arduradunak eta tutoreak, irakasleak) eta ikasleentzako solasaldiak antolatuko dituzte eta lantokietako arduradunekin lan gosariak egingo dituzte, besteak beste, hizkuntzen erabileraz eta funtzioez gogoeta egin eta euskarak lan munduan duen balio erantsia erakustarazte aldera.
2018-2019 ikasturtean, adibide gisa, 1.130 enpresetan egin zuten LP-Duala euskaraz. Horietan guztietan banatuta, 1.506 ikaslek egin zituzten enpresetako lanaldiak euskaraz, dela lan prestakuntza gisa (1.109), dela Lanbide Heziketa Dualeko ikasle gisa (397). Guztira, berriz, 4.016 ikaslek egin zuten ikasturte hartan LP nahiz Duala, euskaraz zein gazteleraz. Gaur eskainitako prentsaurrekoan erakundeetako ordezkariak bat etorri direnez, proportzio horretan “jauzi” bat eman eta euskarazko LP-Duala ikasle eta lantoki gehiagorentzat erakargarri izatea bilatuko du esperientzia pilotuak. Aldi berean, euskarazko LP nahiz Dualak lantokiaren barneko hizkuntza ohituretan eta euskararen erabileran “arrasto” bat utzi dezan mekanismoak ezarriko dira.
Era berean, azterlan bat egingo dute, LP-Duala euskaraz eskaintzen ez duten enpresei entzunez, horretarako sakoneko arrazoiak zeintzuk diren jaso eta horietan eragiteko estrategia bat zehaztu ahal izateko. Bereziki lau eskualdetan abian jarriko da proiektua: Debagoienan, Debabarrenan, Goierrin eta Tolosaldean.
Egitasmoaren aurkezpena Gipuzkoako Foru Aldundian egin da eta bertan izan dira Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria; Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea; Niko Sagarzazu, Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketako zuzendaria; Ainitze Blanco, Lanekiko lehendakaria, eta Olatz Olaso, Emuneko zuzendari nagusia. Besteak beste, egitasmoan ekimen hauek garatuko ditugu urte bukaerara bitartean:
Izaera orokorreko ekimenak
Geomapa: LP-Duala euskaraz eskaintzen duten enpresekin geomapa osatuko da, enpresek euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpena errekonozituz eta Lanbide Heziketako ikastetxeei eta ikasleei enpresa euskaldunen lokalizazioa errazteko.
Praktika onak: LP-Duala praktika onak eta esperientzia eredugarriak identifikatu dira eta zabalduko dira.
Hizkelan: Hizkelan jardunaldia Lanbide Heziketa, enpresa, elkarte eta erakundeen zubi lanerako ekitaldi garrantzitsua da. Elkargune izateaz gain, praktika onak eta ezagutzak partekatzeko lekua ere bada. Bihar, hilaren 20an, egingo dute aurtengo Hizkelan jardunaldia.
LP-Duala euskaraz egin duen enpresa bati oroigarria emango zaio.
Lanbide Heziketako ikastetxeak, ikasleak
Hitzaldi tertuliak: Ikasleak LP-Duala euskaraz egitera animatuko dira, hizkuntzen erabileraz eta funtzioez hausnartuko da eta euskarak lan munduan duen balio erantsia erakutsiko da.
Komunikazio kanpaina: Eskualdeko pertsona erreferenteek (enpresa buru, langile, ikasle, kirolari…) euskarak duen balioa nabarmentzea, lan munduan zein Lanbide Heziketan.
Enpresak
Gosari bilerak: Enpresei Enpresen Gizarte erantzukizunaren esparruan euskararen balioaz jabetzeko azalpenak emango zaizkie eta euskararen normalizazioan urratsak egitera animatuko dira, hasierako urrats gisa praktikaldiak euskaraz egiteko aukera eskainita.
LP-Duala euskaraz zer den azaltzen da, enpresei laguntza emanez. Honela enpresa kopurua handitzea espero da. Eskaintza handitu behar dugu, geroz eta gehiago direlako euskaraz ikasten dutenak.
Autodiagnostikorako tresna: Enpresak berak bere autodiagnostikoa egin dezan aplikazio informatikoa egingo da eta autodiagnostikoaren emaitzetatik abiatuta proposamenak egingo zaizkie, bakoitzak komeni zaion modu eta erritmoan egin dezan.
Entzute elkarrizketak: Lantokiko Prestakuntza edota Duala euskaraz eskaintzen ez duten enpresei entzutea, horretarako sakoneko arrazoiak zeintzuk diren jaso eta horietan eragiteko plana zehazteko.
Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, adierazi duenez, «euskarak lan esparruan jauzi esanguratsu bat egiteko aukera dugu, azken hamarkadetan euskararen ezagutzak eman duen aurrerapausoari esker».
Deja un comentario