Gazteria Departamentua, lurraldeko udalekin batera, abuztuaz geroztik lanean ari da haur, nerabe eta gazteen zerbitzuen ikasturte hasiera prestatzen. Lan horretan oinarrituta honako dokumentu hau prestatu da: «Gaztematika Sarearen funtzionamendurako jarraibideak COVID-19aren testuinguruan (2020-2021 ikasturtea)». Bertan aipatzen dira ikasturte hasieran gerta daitezkeen hainbat egoera, horietan jarraitu beharreko jarraibideak, hezitzaileentzako gomendioak, araudiak eta protokoloak eta abar. Dokumentuak zerbitzuen ikasturte hasiera antolatzeko oinarri izan nahi du.
Zerbitzuek hartu beharreko neurrien helburua da haur, nerabe eta gazteen gizarte eta hezkuntza aisialdiko jarduerarako eta gozamenerako eskubidea bermatzea, bai eta haien osasuna sustatzekoa ere, horrela Covid-19aren hedapena prebenitzeko.
Jarraibide horiek orokorrak eta orientagarriak dira, hasierako egoerei eta ikasturtean zehar gerta daitezkeen aldaketei erantzuteko. Udal bakoitzak, eta baita Aldundiak ere, bere egokitzapen estrategia egin dezake, dokumentuan jasotako erreferentziak eta errealitate espezifikoa kontuan hartuta.
Haur eta gazteen zerbitzuen sarea irekitzea ardatz hartuta egin den baterako lanaz gain, «ikasturte osoan zehar laguntza eta babes teknikoa eskaintzen jarraituko dugu, ikasturtea planifikatzen eta zerbitzuak eta lantaldeak bizi dugun egoerara egokitzen lagunduko duten gidak prestatuz, hezitzaileei aholkularitza eta prestakuntza eskainiz eta udalei osasun materiala emanez», azaldu du Harkaitz Millán Kultura eta Gazteria diputatuak.
Era berean, 2020an 615.000 euro banatu dira dirulaguntzetan, 450.000 euro udalentzat (71 udal), eta 165.000 euro, irabazi asmorik gabeko erakundeentzat, haur, nerabe eta gazteentzako plan eta proiektuetarako, eta datorren urteari begira, horiei eustea proposatu da. «Jakina da diru sarrera publikoak nabarmen murriztu direla, eta administrazioak egoera horretara moldatu besterik ezin dugu egin, baina, hala ere, dirulaguntzei eusteko apustu irmoa egin dugu» adierazi du diputatu sozialistak.
Deja un comentario