Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiak Donostiako Iraunkortasunari buruzko Urteko Txostena publikatu du udaletxean, 2017. urteari dagokiona. Bertan hiriko ingurumen-egoeraren diagnostikoa egiten du txosten honek, denboran zehar izan duten bilakaera aztertuz eta lortutako datuen inguruan hausnartuz. Hazkuntza ekonomikoa ez da ingurumenarentzat positiboa izan eta Ane Oyarbide Ingurumen Zinegotzi ordezkariak erantsi duen bezala, “gainontzeko herriak antzeko egoeran” aurkitzen dira. Berekin batera, Josu Benito (Donostiako Udaleko Ingurumen Zuzendaritzako Zuzendaria), Manu González eta Leire Sarobe (Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiko teknikariak) izan dira.
Bereizketa bidez bildutako hondakin kopuruak bere horretan eusten dio eta 2017an sortutako hondakin kopuru osotik % 38 bereizketa bidez bildu zen. 2016an antzemandakoari jarraikiz (krisi urteetako joera hausten zutena), sorturiko hondakin kopurua mantendu egin da, 2016an baino % 1 gehiago.
2017. urtean, mugikortasunaren esparruan, motorizazio indizea igo egin da: autoen motorizazio maila 7 urtez jarraian jaitsi ondoren 2017an hazi egin da berriro ere (403 auto 1.000 biztanleko, % 0,94 gehiago), eta motozikletena ere bai (141 ibilgailu 1.000 biztanleko, %0,64ko igoera).
Zarata Mapa berriaren datuen arabera, gomendatutakoa baino zarata maila handiagoa jasotzen duen populazioak behera egin du eta airearen kalitatea “ona” da.
Deja un comentario