Kornerrek, kultura eta futbola lotzen dituen jaialdiak, laugarren edizioa ospatuko du ekainaren 1a eta 5a bitarte. Aurreko edizioekin alderatuta, datak aldatu egin dira pandemiagatik, baina futbol denboraldia amaitzeko modu egokia izan daiteke. «Futbolaren bihotza» leloak omenaldia egingo die pandemian zehar taldea futbol zelaitik animatu ezin izan duten zaleei.
Laugarren edizio hau gaur aurkeztu dute Ernest Lluch Kultur Etxean, eta bertan parte hartu dute Zuhaitz Gurrutxagak (FutbolisTOC bakarrizketa aurkeztuko du), Mireia Massaguek (Chillida Lekuko zuzendaria) eta Andoni Iraolak (Real Sociedad Fundazioko zuzendaria). Azken honen esanetan, kulturak eta futbolak elkargune bat dutela azpimarratu nahi du jaialdi honek, «Futbol zelai bateko kornerrak bezala».
Jaialdia aste honetan bertan (maiatzak 13, 14 eta 15) hasiko da, Zuhaitz Gurrutxagaren FutbolisTOC monologoarekin. Realeko jokalari ohia eta orain aurkezle eta bakarrizketalariak futbolari profesional gisa izandako pasadizoen berri emango du umorea erabiliz. Horrez gain, ordutik pairatzen duen TOCari buruz ere hitz egingo du (Nahaste Obsesibo Konpultsiboa).
Jaialdi honetan futbola bizitzeko moduak jorratuko dituzte hogei gonbidatu inguruk. Holligans Ilustrados bildumako bost egileren arteko eztabaida futbola bizitzeko modu desberdinei buruz, Gipuzkoako izen propioen arteko beste eztabaida bat Reala izateak esan nahi duenari buruz, «Monologolak» bakarrizketak eta Ernesto Valverderen argazkien erakusketa dira, besteak beste, ekainaren 1etik 5era bitartean ikusleek gozatu ahal izango dituzten ekitaldietako batzuk.
Jarduera guztiak doakoak dira edukiera bete arte, FutbolisTOC eta monologolak izan ezik. Gonbidapenak eta sarrerak jaialdiaren webgunean eta Donostia Kulturako leihatiletan eros daitezke maiatzaren 24tik aurrera.
Deja un comentario