Urte bat pasa da Euskal Poesia Berriaren sortzaileetariko bat izan zen Joxean Artze hil zela. Eta gaur, Aldundiak egilearen liburutegiaren funtsak eskuratu dituela jakinarazi du, olerkariaren obra zaindu eta jakitera emateko konpromisoarekin. Koldo Mitxelena Liburutegiak gordeko ditu guztiak.
Artzeren eskutik iritsi zitzaizkigun euskarazko poesia esperimentala eta abangoardiakoa 60ko eta 70eko hamarkadetan, eta berak sortu zuen, Xabier Leterekin batera, Euskal Poesia Berria, hau da, ahozko literaturatik abiatuta tradizioa integratu eta berritu zuen mugimendua.
Kulturako diputatua den Denis Itxasok familiaren donazioa eskertu du, eta lortutakoaren aberastasuna ere azpimarratu du: “Gure egin ditugu euskal kulturaren ondare berdingabe bat, eta aparteko dokumentu iturri bat”. Orobat nabarmendu du musika arloan berak egindako lana, baita bere anaia Jesus Marirekin batera, musika-tresna tradizionalak berreskuratzekoan ere, hala nola tobera eta txalaparta.
Liburutegian zeuden lehendik ere Artzeren lanik esanguratsuenak; zehazki, haren idatziak eta haren figurari buruzko azterlan kritikoak biltzen dituzten hirurogeita hamar argitalpenetik gora. Joxean Artzek bere familiari berariaz adierazi zion nahia zaintzeko, eta haren alargun Karmen Estebanen erabakiari esker, aparteko ondare hau gehitu zaio orain funtsari: liburuak (euskal kultura tradizionala eta metafisikari buruzkoak, batez ere); dokumentazio pertsonala (argazkiak, ziurtagiriak, txartelak…); korrespondentzia; laneko paperak eta dokumentuak, argitalpenen iturri izandakoak; eta lan poetikoarekin loturiko objetuak.
Eta ikerketa-beka berria
Orobat, Foru Aldundiak, EHUko Mikel Laboa Katedrarekin lankidetzan, ikerketa-beka bat sortuko du ere, Joxean Artze izenekoa. Kontratu bat formalizatuko da doktorego tesi bat egiteko euskal poesia eta literaturari buruz: XX. mendeko euskal poetak eta idazleak. Foru Aldundiak, aurten, 22.000 euro ditu helburu horretarako, eta beste horrenbeste, datozen hiru urteetarako.
Deja un comentario