Bihar inauguratuko da Koldo Mitxelena Kulturunearen egungo egoitza den Santa Teresa komentuko Atari gunean, Egile(ak) zikloaren ‘Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más’ erakusketa, Gipuzkoan bizi eta lan egiten duten Irene Irureta, Maite Caballero, Ane Arzelus, Arrate Rodriguez eta Sandra Garayoa artisten lana erakusten duena.
Ainara Martinek komisariatutako erakusketa, ilustrazioaren kategorian 2023ko Egile Saria jaso zuten bost artista plastikoren lanaren eta prozesuaren funtsezko kontzeptuetara hurbiltzen da. Sari hori 2021ean sortu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren ekimenez, Gipuzkoako lurraldean arteak eta kultura gizarte-eraldaketarako eragile gisa bultzatzeko, sormen-prozesuak bultzatzeko eta talentu artistikoa sustatzeko.
Egile(ak) erakusketak berriro martxan jarrita, Kultura Departamentuak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak helburu bikoitza lortu nahi dute. Batetik, ikusgarritasuna ematea sari hau lortu duten sortzaileei, eta, bestetik, Santa Teresa komentuan espazio bat eskaintzea artearen eta sorkuntzaren alorrari.
‘Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más’ izenburua du, jolasa delako bost artista horien lanak esploratzeko eta konektatzeko espazioa. Ainara Martin komisario eta koordinatzailearen hitzetan, jolasa da «garena eta ez garena izateko gure buruari begiratu, prestatu eta deformatzeko daukagun ispilua. Beste modu batera begiratzeko eta ezkutuan dagoena aurkitzeko paleta kromatikoak, irudien eta esaldien arteko loturak, amorfidotasunen mintegia edo zaindu beharreko zuhaitza dira lan bakoitzari lotutako jolasguneak, eta horien bidez beste modu batera hurbildu ahal izango gara artista bakoitzak proposatzen digunera».
Erakusketa honetarako, Ane Arzelusek, Irudiztegia (Ilustrabecedario) lanaren bidez, euskara irudietan disekzionatzera jolas egin du. Arrate Rodríguezek, Erretratu Katea (Cadena de retratos) lanarekin, kateatutako pertsonen ilustrazio eta erretratuen sekuentzia bat eskaintzen du. Artistak adierazi nahi du komunikazioa amaitu gabeko jolasa dela, eta ikusle bakoitzak zerbait desberdina hautemango du erretratu bakoitzarekin. Irene Iruretak, Dardarak (Temblores) lanarekin, zainketaz hitz egiten du. Zehazki, artistak azaltzen du nola imitatzen ditugun haurtzaroan, jolas sinbolikoen bidez, berriz pentsatu beharko liratekeen zainketa-ereduak. Maite Caballerok, Goiari Eusteko lanarekin, gure barruko ispiluaren aurrean jartzen gaitu, esentziarik jostagarriena esploratu eta aurkitzeko asmoz.Azkenik, Sandra Garayoak, Barruko piztiak (Lo de dentro) lanarekin, barruan daramatzagun munstro txiki horiei forma, kolorea eta dimentsioa ematera gonbidatzen gaitu.
Erakusketa irailaren 8ra arte egongo da ikusgai, ordutegi honetan:
Asteartetik ostiralera: 17:00 – 20:00
Larunbat eta jaiegunetan: 11:00 – 14:00, 17:00 – 20:00
Igandetan: 11:00 – 14:00
Deja un comentario