Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Kobazuloen Eguna ospatuko du datorren larunbatean, martxoak 16, Ekainberrira bi bisita gidatu eginez. Horretarako, duela 14.000 urteko historiaurreko gizakiaren larruan jarriko dira bisitariak, eta bisitak ilunpetan egingo dira, zuziak diruditen linternak eta kobazuloak argiztatzeko erabiltzen ziren gantz lanparak erabiliz. Bisitak 13:00etan egingo dira gaztelaniaz eta 17:00etan euskaraz.
Lurpea elkarteak Euskal Herriko zortzi kobazulo biltzen ditu, horien artean Ekainberrikoa, eta Kobazuloen Egunaren XIV. edizioa antolatu du. Ospatzeko, % 50eko deskontua eskainiko da Ekainberrirako sarreretan, eta larunbateko bisitari guztien artean bonuak zozkatuko dira, elkartutako 8 kobazuloak bisitatzeko eta bi pertsonentzako egonaldi baterako.
Paleolitikoko argiztapena
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak, Goizane Álvarezek, prentsa ohar batean azaldu du Kultura Departamentuak “modu bakar eta berezian” ospatu nahi izan duela Kobazuloen Eguna. Adierazi duenez, “ospakizun handia izango da”, eta Ekainberrira hurbiltzen diren pertsonek bizi izango duten esperientzia “harrigarria” nabarmendu du. Bertan, Paleolitikoaren argiztapena birsortuko da, zuziei, sutegiei eta gantz lanparei esker gure arbasoak nola bizi ziren esperimentatu ahal izateko. «Funtsezko» elementu izan ziren, sua menderatzea lortu zuten arte ezin izango baitziren kobazuloetan artearen moduko jarduerak garatu. Zuzi horiek gabe, duela 14.000 urte ezin izango zituzten Ekaingo zaldiak margotu, janaria prestatu, basatiak uxatu, ez eta kobazuloen sakonera iritsi.
Álvarezen ustez, Ekain euskal kulturaren munduko adierazpen kultural gorena da, Gipuzkoan bisitagarria den bakarra, Ekainberriren bitartez: «altxor bat da eta bisitatzea merezi du». Haren arabera, ondare «garrantzitsu» bat denez, Ekain eta Ekainberri kontserbatzeko eta babesteko erantzukizuna dugu gipuzkoarrok. Eta zeregin “funtsezko” horretan dihardu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak. Larunbateko esperientziarekin, gainera, labar-pinturak miresteko aukera izateaz gain, gure Historiaurreko arbasoen bizitzan eta ohituretan murgiltzeko aukera ere izango dute bisitariek.
Deja un comentario