Inicio » Idiomas » Euskera » Jauzi kuantiko bat DIPCrentzat, IBM bere Patronatuan sartuta

Jauzi kuantiko bat DIPCrentzat, IBM bere Patronatuan sartuta

Imanol Pradales lehendakaria DIPC zentroaren patronatuaren bileraren buru izan da gaur goizean

IBM erakundea Donostia International Physics Center (DIPC) zentroaren patronatuko kide izendatu dute gaur, eta, hala, bi erakundeen artean duela hamarkada batzuk abiatutako lankidetza zabala indartu da. 2000. urtean, DIPCren inaugurazio-ekitaldiko lehen hitzaldi zientifikoa Heinrich Rohrer-ek egin zuen, zeina Fisikako Nobel sariduna eta, garai hartan, IBMko ikertzailea baitzen. Gaur, mende laurden geroago, aliantza horrek goia jo du, IBM erakundea DIPC zentroaren patronatuan sartu baita. Munduko multinazional teknologiko handietako bat da IBM, eta erreferentea mundu osoan materialen zientziaren, zientzia konputazionalaren eta beste alor batzuen ikerketan. Erabaki horrek sendotu egiten du IBMk Euskadirekin duen konpromisoa, eta bat dator Eusko Jaurlaritzak teknologia kuantikoen alde egindako apustu estrategikoarekin, zeina Basque Quantum – BasQ eta Ikerbasqueren bidez sustatu baita. Aipatzekoa da halaber, IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentroan, 2023an iragarritakoa, IBMn ordenagailu kuantiko bat instalatuko dela Ikerbasque eraikinean, DIPCtik metro gutxira; hala, sinergia hori are gehiago indartuz.

DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikek eskerrak eman dizkio lehendakariari bileran parte hartzeagatik, eta hauxe adierazi du: “Gizarte aurreratu batek ikerketa aurreratua behar du. IBM nazioarteko enpresa bat da, eta maila horretako erakunde bat gaur DIPCren patronatuan sartu izana ondo egindako lanaren emaitza da. Alde batetik, gure ikerketa-komunitatearen lanarena, DIPC puntako erakunde gisa kokatu baitu munduan hainbat ikerketa-ildotan. Bestetik, euskal erakunde publiko eta pribatuen lanarena; lan horrek jarraipena izan du politiketan, eta apustu estrategiko ausarta egin da zientziaren alorrean; hori erabakigarria izan da Euskadi zientziaren abangoardian kokatzeko hainbat arlotan”. Halaber, adierazi duenez, “DIPCren eta IBMren arteko harremana erraza eta emankorra izan da urte askoan, baina aurrerantzean jauzi kualitatibo bat egin nahi dugu bi erakundeen arteko lankidetza zientifikoan. Jauzi kuantiko bat”.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.