Ia bost urteren ondoren (Geltokiak izarretara, 2019), Jabier Muguruzak helduentzako disko berri bat atera du, «Lagun batek esan dit». Iñaki Irazu poetari egindako keinu maitekorra oraingoan.
Jabier Muguruzak kantautore gisa egindako ibilbide musikal luzean, 32 kantu ageri da Iñaki Irazuren hitzekin konposaturikoak. Musikari irundarrak kantu guzti horien artean aukeraketa bat egin du eta, batasun kontzeptual bat emate aldera, punta-puntako musikariekin errebisatu eta grabatu.
Kantak eta diskoak: Boza barruan («Boza barruan» diskotik), Urtain («Kitarra bat nintzen»), Zure lapurra («Hain guapa zaude»), Lagun batek esan dit («Fiordoan»), Etxera berandu heltzean («Hain guapa zaude»), Lausoa kristalean («Bikote bat»), Euskadi, jende gutxi («Fiordoan»), Beldurrak («Beste hogei»), Jaka zahar bat («Abenduak 29»), Mutiko arrotzaren kanta («Kitarra bat nintzen») eta Azaroak baditu gauza onak («Tonetti anaiak»).
Proiektuan parte harturiko musikariak: Jabier Muguruza (ahotsa eta akordeoia), Mikel Azpiroz (Rhodes pianoa eta Hammond organoa), Jean Marie Ecay (gitarra elektriko eta akustikoak), Fernando Neira (baxu elektrikoa) eta Karlos Arancegui (bateria).
Jabier Muguruza Irunen jaio zen, 1960an, eta bost urte zituela musika munduan murgildu zen, akordeoia lagun. Hainbat urtez kontzertuak ematen aritu ondoren, proiektu musikal ezberdinetan parte hartzen hasi zen, rock eta kantautore munduan: Zarama, Imanol, Kortatu, Antton Valverde, Xabier Lete, Delirium Tremens… Kantautore gisa 93an hasi zen lanean, eta orain arte hamazazpi disko kaleratu ditu.
Deja un comentario