J.A. Bayona zuzendariak eta Belén Atienza ekoizleak emango diote amaiera, bihar 19:00etatik aurrera Zinemagileen arteko Elkarrizketak programaren hirugarren denboraldiari; programa Gipuzkoako Foro Aldundiko Kultura departamentuak, Z365 Donostia Zinemaldiaren urte osoko atalak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatu dute elkarlanean.
Bayona Cannesko zinema-jaialdiko Sail Ofizialeko epaimahaikide izan berri da eta Atienzarekin hitz egingo du urteetan zehar sortu duten zuzendari eta produktorearen arteko harremanari buruz. Zehazki, egin duten azken filma izango dute aztergai: La sociedad de la nieve / Society of the Snow. Film horrek Veneziako zinema-jaialdiari amaiera eman zion, Donostia Hiria Publikoaren Saria jaso zuen eta izendatuta zegoen hamahiru Goya sarietatik hamabi lortu zituen, besteak beste, film onenarena eta zuzendari onenarena. Horrez gain, filmak Europako Zinemaren Akademiaren bi sari ere lortu zituen, eta beste bi izendapen Oskarretan.
Topaketa 19:00etan izango da, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuko Ekitaldi Aretoan, eta sarrera doan bada ere, urtarrilaren 8a baino lehen matrikulatu zirenek izango dute lehentasuna.
Zinemagileen arteko Elkarrizketak programaren edizio honetan hauek izan dira elkarrizketen protagonista: Negu Hurbilak kolektiboa; Víctor Iriarte eta Carlos Muguiro; Elena Martín, Laura Ferrés eta Javier Macipe; Isabel Coixet eta Sara Mesa; Isabel Herguera eta Pablo Berger, eta Belén Funes eta Marçal Cebrián. Zikloa ekainaren 4an amaituko da, Bayona eta Atienzaren arteko solasaldiarekin.
Hirugarren denboraldiko saio guztiak aurrez aurrekoak izan dira, eta ez dira streaming bidez eman, baina ekainaren 28tik aurrera, elkarrizketa guztiak Koldo Mitxelena Kulturuneko YouTubeko kanalean eta Donostia Zinemaldiaren webgunean egongo dira ikusgai.
Zinema lanbide kolektibo
Programa honen bidez, film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko gako berriak eskaini nahi zaizkio zinemazaleari. Zinemagileen arteko Elkarrizketak programak aukera ematen digu zinema sorkuntzaren intrahistoria ezagutzeko, elkarrizketa formatu atsegin batean. Elkarrizketa guztietan, zinema lanbide kolektibo gisa hartzen da. Zinemagile bakoitzarekin batera parte hartu dute hainbat arlotan (muntaia, interpretazioa, gidoia, ekoizpena) lankide izan dituzten pertsonetako batzuk, edo belaunaldia, abiapuntua nahiz kezka formalak eta tematikoak partekatzen dituzten beste zinemagile batzuk.
Zikloaren helburua, zinemagilearen begirada bakarra deszentralizatzeaz gain, proiektu baten garapena osatzen duten lanbide tradizionalenak ezagutzera ematea da, eta, ondorioz, zinema modu kritikoan ikusten eta irakurtzen ikastea, gaur egungo testuinguruak zinea norabide guztietan aldarazten baitu.
Zinemaren aldeko apustu hau Gipuzkoako Foru Alduniko Kultura departamentuaren lan ildo nagusiaren baitan kokatzen da: eztabaida, elkarrizketa eta ezagutza. Testuinguru horretan, lan eremu nagusietako bat ikus-entzunezko proiektuen babesa, sustapena eta hedapena da; eta, zentzu horretan, Kultura Departamentua garatzen ari den ekintza guztiak aipatu behar dira, bai Elías Querejeta Zine Eskolaren sorrera, bai Gipuzkoako Foru Aldundia San Sebastian-Gipuzkoa Film Comission batzordean sartzea.
Deja un comentario