Larunbata eta astelehenean, arratsaldeko 19etan Kursaaleko auditorioan, asko gozatzeko aukera izango da Musika Hamabostaldiaren 79. edizioaren gailurrenetariko batekin: Gioachino Rossiniren garai goiztiarrenean egindako lan ezagunenetako bat, «Italiarra Aljerren» opera. Ikuskizunaren azken orduetan azken ukituak ematen ari dira. Hamabostaldiak bat egingo du era horretara Pesaroko musikagilearen heriotzaren 150. urteurrenari dagozkion ospakizunekin.
«Italiarra Aljerren» ekoizpen berri honen eszena-zuzendari den Joan Anton Rechik dioenez, «gogotik egingo dugu barre». Musika Hamabostaldiaren, Buenos Airesko Colón Antzokiaren eta San Lorenzo de El Escorialeko Udako Jaialdiaren arteko koprodukzio bat da; Colón Antzokian estreinatu zen ekoizpena aurreko maiatzean. Uztailaren amaieran San Lorenzo de El Escorialeko Udako Jaialdira heldu zenean oso kritika onak jaso zituen.
Joan Anton Rechi ezaguna da Musika Hamabostaldiaren publikoarentzat: “Sevillako bizargina” operaren bere ekoizpen irrigarria aurkeztu zuen 2011ko edizioan, eta hartan eszena telebista-estudio bat zen.
Libretoak Isabellaren gorabeherak kontatzen ditu. Isabella italiar dama bat da, eta Lindoro bere gizongaia salbatzera doa, preso baitago Mustafak aginduta; baina urperatu eta Aljeriako hondartza batean agertzen da Isabella. Bien bitartean, Mustafa, nekatuta bere emazte Elviraren eskakizunekin, Lindororekin ezkondu nahi du, eta bere ondotik eraman. Mustafak italiar emazte berri bat bilatu nahi du, oso gauza onak entzun baititu haiengatik, eta Isabellarekin maitemintzen da, guardien buruak jauregira eramaten duenean.
Sarrerak webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Kursaaleko lehiatiletan.
Deja un comentario