Igartubeiti Baserri Museoak eta San Telmo Museoak Galbahe ikerketa eta dibulgazio bekaren lehen edizioa deitu du

Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 25era arte egongo da zabalik

Igartubeiti Igartubeiti Baserri Museoak eta San Telmo Museoak Galbahe ikerketa eta dibulgazio bekaren lehen edizioa deitu du
igartubeitibaserria.eus

Igartubeiti Baserri Museoak eta San Telmo Museoak, lankidetzan, Gordailuaren (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) aholkularitzarekin, etnografia ondarea ikertzeko eta zabaltzeko Galbahe ikerketa eta dibulgazio bekaren lehen edizioa aurkeztu dute. Beka bi erakundeen bilduma etnografikoetan oinarrituko da, euskal landa-gizartea aztertzeko diziplinarteko berrinterpretazioa edo elkarrizketa proposatzeko. Galbahek sei hilabeteko iraupena izango du eta ekaina eta azaroa bitartean garatuko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Goizane Alvarezek nabarmendu duenez, “beka hau aukera bat da Gipuzkoako ondare etnografikoaren ikerketa eta hedapena indartzeko, gure historia eta kulturari buruzko gogoeta eta elkarrizketarako espazio berriak irekiz. Ekimen honen bidez, ondare baliotsu hori egungo gizartera hurbiltzeko aukera emango duten ikuspegi berriak sustatu nahi ditugu, ondare horren gizarteratzea eta balioa handitzea sustatuz”.

Deialdiaren helburua ondare etnografikoari buruzko dibulgazio-proiektuak garatzen laguntzea da, ondare horren gizarteratzea sustatzeko.  Bekak, euskal kulturaren aztarna materialak berrinterpretatzen eta begirada eta diskurtso berriak formulatzen baita ondare eta herentzia hori zabaltzen ere lagundu nahi du.

Parte hartzeko baldintzak

Deialdia Gipuzkoan erroldatutako adinez nagusi diren eta Gizarte Zientzia eta Humanitateetako unibertsitate-ikasketak dituzten banakako pertsonei edo lantaldeei zuzenduta dago.

Ikerketa egiteko formatua irekia da, interesdunek beren proposamena aurkeztuko dute formatu irekian: argitalpena, erakusketa, topaketak, eztabaidak, etab. Proiektua euskaraz egingo da eta, nahi izanez gero, gaztelaniara ere itzuliko da. Egiten diren lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute.

Galbahe bekaren ikerketa bi museoetako bilduma etnografikoetan oinarritu beharko da: Igartubeiti Baserri Museoa eta San Telmo Museoa.

Deialdiari eta oinarriei buruzko informazio zehatza bi museoen webguneetan dago eskuragarri. Parte hartzeko, eskatutako dokumentazioa posta elektronikoz bidali beharko da, apirilaren 25a baino lehen. Bekaren ebazpena 2025eko maiatzaren 16tik aurrera jakinaraziko da.

Interesatuek igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera jo dezakete zalantzak argitzeko.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Familias de acogida
Kutxa Fundazioa