Gizarte politikako diputatuak, Maite Peñak, esklerosi anizkoitzaren aldeko aurtengo “Busti zaitez” kanpaina aurkeztu du Ademgi -Gipuzkoako esklerosi anizkoitzaren elkartearekin- batera. Datorren igandean, uztailaren 8an, egingo da aurtengoarekin XXI. edizioa duen bainu solidario hau, Gipuzkoako 11 herritan, eta guztira 14 puntutan. Ekimenaren helburua da gizartea sentsibilizatzea Gipuzkoan 700 pertsonari eta Euskadin, guztira, 2.500 pertsonari (gehienak heldu gazteak dira) eragiten dien gaixotasun honen inguruan.
Gipuzkoan, kanpainaren ekitaldi nagusia, aurreko edizioetan bezala, Donostiako Kontxako hondartzan (erlojuen parean) egingo da, uztailaren 8an, igandea, eguerdiko 12:00etan. Ekitaldi horretan politikariek eta gizartearen esparru guztietako pertsona ezagunek parte hartuko dute, eta esklerosi anizkoitzaren alde bustiko dira; izan ere, kanpaina hau “ezinbesteko” finantzaketa iturri bihurtu da Ademgik Gipuzkoan gaixotasun neurologiko eta sendaezin hau duten pertsonei eskaintzen dizkien errehabilitazio zerbitzuak eman ahal izateko (fisioterapia eta logopedia), adierazi du diputatu andreak, ondoan izan dituela Maria Luisa Ustarroz Ademgi elkarteko presidentea, eta David Otaegui biokimikaria, oinarrizko ikerkuntza-arduraduna Esklerosi anizkoitzeko unitatean, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko-BioDonostia institutuan.
Horrela, datorren igandean, jardunaldiaren amaieran, batu egingo dira herri guztietan igerian egindako metroak, esklerosi anizkoitza dutenen aldeko ekitaldi sinboliko gisa. Ademgiri laguntzen arituko diren 80 boluntario baino gehiago izango dira guztira, bainurako prestatutako puntu guztietan banatuta. “Busti zaitez” ekimenaren aurreko edizioan milaka euskaldunek parte hartu zuten, eta guztien ahaleginarekin milioika metro egin ziren igerian. Aurtengo edizioaren irudia, bai eta merchandising-a ere, Katuky Saguyakik diseinatu ditu berriz, Mikel Urmeneta iruindarraren marka berriak.
Deja un comentario