1922an eskuratu zuen Isidro Ansorenak Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen zuzendari kargua. Eta postu horretan lehenengo saioa urtarrilaren 20an egin zuen, hiriaren patroiaren egunean. Efemeride hau dela eta, Aritz Gorrotxategi idazleak Hiru txulo: Donostia eta txistua liburua sortu du eta Donostiako Udalak argitara eman, Erein argitaletxearen eskutik. Hori Donostiako Udaletxean aurkeztu dute gaur goizean Eneko Goia Donostiako Alkateak eta Jose Ignazio Ansorena Txistulari Taldeko Zuzendariak.
Isidro Ansorena Eleizegi (1892-1975) txistuaren historiaren izen handienetakoa da zalantza izpirik gabe. Beste lan askoren artean, txistulari andanaren irakasle izan zen, instrumentua hobetzeko lanak egin zituen edota errepertorioa berritu zuen, baina horien guztien gainetik, 1922an txistulari plaza eskuratu zuenetik, Donostiako Udalaren Txistulari Banda punta-puntako erreferentzia-talde izatera eraman zuen. Prentsaurrekoan aipatu bezala: “Txistulari Taldea gorenera eraman zuen txistularien maisuen maisu zenari gorazarre egiten zaio liburu honekin.”.
Liburua, Erein Argitaletxeak argitaratua, Donostia eta inguruko liburu-dendatan eskuragarri dago jada. Gainera, bihar, asteartea, hilak 18, publiko aurreko ekitaldian aurkeztuko dute Udal Txistulariek 19:00etan Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan. Bertan izango dira, baita ere, Eneko Goia Donostiako Alkatea, Jon Insausti Kultura Zinegotziak eta Aritz Gorrotxategi idazlea. Bertaratzeko ez da sarrerarik beharko aretoaren edukiera bete arte.
Deja un comentario