Foru Aldundiko Kultura sailak Euskal Kultur Erakundearekin (EAE) elkarlanean antolatutako ‘Iparraldea Bertan’ zikloaren 24. edizioak bigarren hitzordua eskainiko du bihar, martxoak 4. ‘Hiru emazte kantari gogoan’ kontzertua izango da, Lurdes Iriondo, Maite Idirin eta Estitxu Robles Arangiz abeslari zenduak oroitu nahi dituena.
Goizane Alvarez Kultura diputatuaren hitzetan, ‘Iparraldea Bertan’ ekimenak “Iparraldea eta Hegoaldea hurbiltzea” du helburu, “muga fisikorik ez dagoen arren, iparraldearen eta hegoaldearen artean muga psikologikoak badaudelako, eta beraz, muga horiekin apurtzea da erronka”.
Euskaraz egingo den biharko hitzorduan Maider Bedaxagar, Naia Robles Arangiz, Maialen Alfaro, Maite Ithurbide, Jacqueline Idiart, Patxika Erramuzpe eta Pantxika Heguiaphalek hartuko dute parte. Iriondo, Idirin eta Robles Arangiz artistek egindako lana omentzea eta eskertzea da ikuskizunaren helburua; izan ere, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan garatu zuten beren ibilbide artistikoa, eszenatokien gainean emakume gutxik kantatzen zutenean. Garai hartan dena zegoen egiteko, eta euskal kontzientzia ere sortzen ari zen. Testuinguru horretan, emakume hauek benetako militantzia lana egin zuten hizkuntzaren, kulturaren, aberriaren eta auzi sozialaren arloetan, eta gai horiek landu zituzten euren abestietan.
Hitzordu gehiago martxoan
‘Iparraldean Bertan’ zilkoarek martxoaren 11n jarraituko du Kamila Zubeldia & Aguxtin Alkhaten kontzertuarekin. Bakoitzak bestearen proiektu ezberdin batzuetan parte hartu ondotik, idazlan edo kantuan, Kamila Zubeldiak eta Aguxtin Alkhatek bikote akustiko berria osatu dute. Iraganean idatzitako kantuak abesteaz gain herri honi beste sorkuntza batzuk eskaintzea dute xede, hitz landuak melodia goxoekin uztartuz, euskal kultura eta izaiteari omenaldi bat bezala. Bi gitarra, bi ahots, galtzekoa ez den momentu bat.
Zilkoaren aurtengo edizioari amaiera bikaina emateko Mattin Lerissak ‘Mundu zabalerako’ diskoa aurkeztuko du martxoaren 18an. Behorlegitarraren hirugarren lana joan den azaroan argitaratu zen. Hamar ka
ntuk, gehienak folk moduan, osatzen dute albuma. Kantu gehienak berak musikatu ditu eta, aldi berean, Aguxtin Alkhat, Mixel Ducau, Jojo eta Ramuntxo, Manex Pagola eta Robert Charlebois-en doinuak berriz hartu ditu. Musikarietan, Mixel Ducau (gitarra, ukelelea, perkusioak, txirula, saxofoia), Iñaki Dieguez (eskusoinua) eta Txomin Duhalde (bateria) lagun izan ditu proiektu honetan.
Hitzegileetan, jadanik aipatutako Aguxtin Alkhat eta Manex Pagolaz gain, Itxaro Borda, Manex Erdozaintzi Etxart, Pantzo Hirigarai, Daniel Landart eta Jean-Louis Davant-en idatziak goza daitezke. Hain zuzen, Manex Erdozaintzi Etxarten kantu batek izena eman dio diskoari. Euskara, adiskidetasuna, libertatea, migranteen egoera latza… Mattin Lerissak hainbat gai jorratzen ditu azken urteetako gertakariak hausnartzeko asmoz. Diskoa abenduan aurkeztu zen 59. Durangoko azokan eta KMKn izango dugu horren lehenengo emanaldia.
Biharkoa bezala, bi hitzordu hauek 19:00etan hasiko dira, eta Santa Teresa komentuko areto nagusian izango dira, euskaraz.
Deja un comentario