Haritzalde naturzaleen elkartea Belartza Goikoaren etorkizuna ez du garbi ikusten. Taldeak komunikatu baten bidez adierazi duenez, «orain dela gutxi Belartza Goikorako garapen urbanistiko berri bati tramitazioari hasiera eman zaiola argitara eman da, non Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) ilegala zela ebatzi duen harri isuketa erabiliz, 25.000 m2 zoru komertzialaren eta harik eta zoru industrial gehiagoren sorpena proposatzen den».
Haritzalde, Añorgako bizilagunak eta Naturkonen izenpean biltzen diren elkarte naturzale, kontserbazionista eta ekologistek (Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan) planeamendu hori aurrera eramatekotan Donostia “legerik gabeko hiria” bilakatuko litzatekeela salatzen dute.
Beti Haritzalderen esanetan, «2019ko ekainaren 10ean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 219/2019 epaia ebatzi zuen, Donostiako Udala kondenatuz, Belartza Goikoan Legez kontrako harri-isurketa burutzeko baimena luzatzeagatik. 2016an, Mercadona eraikitzeko indusketaturiko partzelan jatorria zuten 120.000m3-ko harri-betelana gauzatu zuten Udalaren lizentzia ilegala tarteko eta Auzitegi Nagusiak ingurune natural hura lehengoratzeko eta obra aurretik zegoen egoerara itzularazteko agindu zuen».
Orain, «urtebete luze beranduago, Udalak nahitaez betebeharreko epai hori ez du gauzatu», eta horregatik Haritzaldek «berriro ere demanda bat sartu behar izan du bidegabekeria zuzentzeko, epaiaren betearazpena eskatuz. Proiektuaren sustatzaileek bilera publiko batean adierazi zioten garai hartan hirigintzako zinegotzia zen Enrique Ramos berari, ez zutela isurketa ilegala lekutik aterako. Hala eta guztiz ere Udalak beraiekin negoziaketan jarraitu du egunerarte ezer ez gertatuko bailitzan».
«Kondenatuta izan den Udalak makroisurketa ilegalaren betearazpen subsidiarioa hasi beharrean», jarraitzen du Haritzaldek, «etengabean arau-hausle izan direnekin proposamen urbanistiko berria negoziatzeko biltzen egon
izanaren susmoa hartu dakioke. Hau da, behintzat, ondorioztatu litekeena orain hirigintzako zinegotzia den Nekane Arzallus bere kargua hartu zuenetik esandakoak entzunda: ‘Ez lukeela zentzurik izango isurketako harriak kentzea lekuan bertan erabiltzekoak balira'».
Saltoki txikiak handien kontra
Bestalde, elkarteak dionez, «udal ordezkariak ahobete ibili dira lekuko saltokiekin konpromezu hitzetan. Bitartean, ordea, bizkarretik pelotazo urbanistikoak negoziatzen dira, hiriaren kanpoaldean merkataritza-parke tankerakoak frankizia eta multinazionalez bete nahian.
«Horrelako proiektuak aurrera eramateko sustatzaileek erabiltzen duten estrategia (Euskadiko Zoru Komertzialen Lege berriak garapen urbanistiko hauek hiri kanpoan ezartzea galerazten duenetik) zoru industrial gisara tramitatzea da, honek eraikitakoaren %30 komertzial erabilpena eman dakiokela jakitun», salatzen du Haritzaldek.
«Ingenerutza legal horien bitartez Legeen zirrikituz eta hutsunez baliatzen dira Araua bihurtzeko eta okertzeko iruzurreraino. Adibideak badaude hirian», azkena «Belartzan bertan, Harrobian (Cantera delakoan), non partzela industriala garatzeko eskariaz, Mercadona eta Mc Auto eraiki ziren, egun inongo erabilpen industrialik garatu ez delarik»
«Errealitate bakarra», beti Haritzalderen iritziz, «da industrial zoru berrien garapena gauzatzeko beharrik eta eskaerarik ez dagoela. Horren lekukoa da Eskusaitzetako makropoligono publikoa. Industria-jarduera berriak erakartzeko gai ez da izan ia 30 Ha baso eta naturgune txikitu ostean».
Deja un comentario