Gipuzkoako zerga bilketa metatua apirilera arte %21,6 hazi da, aurreko urteko epe berdinarekin alderatuta. Orain arte 1.025 milioi euro bildu ditu foru Ogasunak, pasa den urteko epe berdinean baino 182 milioi euro gehiago. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, datu hauetan islatzen da, lehen aldiz, pasa den urteko martxoan ezarri zen alarma egoera eta konfinamenduaren eragina. “Ogasunetik, sarrerak geroratu ziren, eta itzulketak indartu, eta horren ondorioz pasa den urteko ziklo honetako zerga bilketa oso txikia izan zen”.
Mendozak, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri eman du. “Espero bezala, zerga nagusien bilakaera positiboa izan da, eta hazkunde nabarmenak erakusten dituzte: PFEZaren kasuan, %18,7 hazi da zerga honen bilketa, eta lan etekinen atxikipenek %17,6 egin dute gora; eta BEZari dagokionean, berriz, %40,6 igo da zerga bilketa”, zehaztu du diputatuak.
Gaineratu duenez, Sozietateen gaineko Zerga negatiboan ageri da, baina ez enpresen irabazien bilketak izan duen bilakaeragatik, baizik eta zerga hau osatzen duten bestelako elementu batzuk behera egin dutelako.
“Alderaketa hauetan guztietan agerian geratu da pasa den urtean pandemiak eman zuen kolpeak eta honi aurre egiteko hartutako neurriek guztia baldintzatzen dutela. Neurri horien eragina, zati batean behintzat, hurrengo hilabetetan berreskuratu zen”, gogoratu du Mendozak. Ondorioz, adierazi du une honetan ez dela posible datuen sakoneko irakurketarik egitea, alderaketa ez baita homogeneoa, eta “hurrengo hilabeteetan ere ez da izango”.
Foru arduradunaren ustetan, Aldundiaren ikuspegitik, zerga bilketa indartzen jarraitzeko biderik egokiena da jarduera ekonomikoaren alde lanean jarraitzea. “Honen bitartez eskuratuko ditugu krisiaren kontra borrokatzeko eta gure zerbitzu sozialak indartzeko behar ditugun baliabideak, honela gizarte kohesioa indartuz.
Deja un comentario