Inicio » Idiomas » Euskera » Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Gora Euskal Kantagintza gida didaktikoa aurkeztu du

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Gora Euskal Kantagintza gida didaktikoa aurkeztu du

Mikel Markez eta Pako Aristi artistek sortutako gida hau Kultura Eskola programaren barruan kokatzen da. Programa horren bidez, Kultura Departamentuak kulturara hurbildu nahi ditu 12 eta 16 urte bitarteko Gipuzkoako nerabeak

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura Departamentuaren bitartez, tresna pedagogiko berritzaile bat aurkeztu du gaur goizean: Mikel Markezek eta Pako Aristik sortutako Gora Euskal Kantagintza gida didaktikoa. Proiektu hau Kultura Eskola programaren barruan kokatzen da, eta 12 eta 16 urte bitarteko nerabeen artean euskal musika eta kultura-ondarea ezagutaraztea eta balioestea sustatzeko asmoa du. Gaur goizean aurkeztu dute gida prentsaurreko batean, eta bertan izan dira Goizane Álvarez Irijoa Kulturako diputatua eta Mikel Markez abeslari errenteriarra eta Pako Aristi Urrestilla idazlea, gida didaktikoaren sortzaileak.

Kultura Eskolaren helburu nagusia da Gipuzkoako ikasleei kulturarako sarbide unibertsala bermatzea, eta gaztetxoenek sentsibilitate artistikoa izan dezaten eta artea estimatu dezaten sustatzea. Programak kalitate handiko arte- eta kultura-jarduerak txertatzen ditu eskolan. Horrela, ikasleek adierazpen kultural eta artistiko ezberdinak hobeto uler ditzaten lortu nahi da, bizipen horiek hezkuntza-helburuetan txertatzeko helburuz. Ekimenaren helburua publiko berriak sortzea ere bada, esperientzia horrek udalek eta elkarteek lurraldeko udalerri guztietan programatzen dituzten kultura-proposamenetan parte hartzera bultza dezan.

Bizitzako etapa hori funtsezkoa da interesak eta zaletasunak garatzeko, eta programa honek jarduera kultural eta artistikoa gaztetxoen bizitzetan integratu nahi du, sentsibilitatea, irizpide artistikoa eta begirada kritikoa sortuz. Gainera, Kultura Eskolak sormen- eta kultura-sektorean enplegu-aukerak sortu nahi ditu, sektore horren garapenean eta jasangarritasunean laguntzeko.

Goizane Álvarez Kulturako eta Gazteriako diputatuaren esanetan, «Gora Euskal Kantagintzagida baliabide zinez baliotsua da datozen belaunaldiei gure musika-ondare aberatsa transmititzeko. Tresna honen bidez, gazteak hezi, inspiratu eta haien emozioak piztu nahi ditugu, gure historia hobeto uler dezaten eta kultura-aniztasuna balora dezaten lagunduz».

Gidak ibilbide luzea egiten du euskal musikaren historian zehar, jatorritik gaur egun arte, 14 kapitulutan antolatuta. Horietan, hainbat gai aztertzen dira: abesti tradizionalak, Ez Dok Amairu mugimendua, euskal rock erradikalaren gorakada, literaturaren eragina, bertsolaritza musikan, eta plataforma digitalen eta sare sozialen inpaktua. Kapitulu bakoitzak ikasleen ikaskuntza aktiboa eta gogoetatsua sustatzeko diseinatutako jarduerak eta galdetegiak biltzen ditu.

Mikel Markezen arabera, “Interneten eta Adimen Artifizialaren garai honek ekarriko dizkigun erronka berriei hadi, hemen duzue Euskal kantagintzaren orain arteko historia, zuen esku bere edertasunean”.

Pako Aristik adierazi du “38.000 urte dauzka euskal musika-tresnarik zaharrenak: Isturitzeko haitzuloan aurkitu zuten hezurezko flauta bat da. 1900. urtean grabatu ziren euskarazko lehen abesti eta testuak, Parisen ospatu zen Erakusketa Unibertsalaren aitzakian. Hori baino lehen, Iparragirre, Etxahun, eta beste asko izan ziren. Eta ondoren, 1960an, Michel Labegueriek eman zion hasiera euskal kantagintza berria. Eta haren atzetik, konstelazio distiratsu bat, milaka izarrez betea”.

Gora Euskal Kantagintza gida eskuragarri dago jada Kultura Eskolaren katalogoan, eta funtsezko baliabidea izango da aurrerantzean Gipuzkoako hezkuntzaren arloko kultura-eskaintzan. Ekimen honek osatu egiten du Kultura Departamentua bigarren hezkuntzako institutuekin eta lurraldeko udalekin batera gazteen artean sentsibilitate artistikoa eta musikarekiko zaletasuna sustatzeko egiten ari den lana.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa
Didoe