Inicio » Idiomas » Euskera » Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Aranzadik «Emakume arkeologoak Gipuzkoan» erakusketa antolatu dute Garberan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Aranzadik «Emakume arkeologoak Gipuzkoan» erakusketa antolatu dute Garberan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan, «Emakume arkeologoak Gipuzkoan» erakusketa aurkeztu du Garberan. Erakusketa gaur astelehenean, ekainak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan, «Emakume arkeologoak Gipuzkoan» erakusketa aurkeztu du Garberan. Erakusketa gaur astelehenean, ekainak 17, inauguratuko da, goizeko 11:00etan. Uztailaren 7ra arte egongo da ikusgai. Halaber, historiaurreari buruzko doako tailer bat antolatu dute 8 eta 12 urte arteko haurrentzat, ekainaren 22an, larunbatean, goizeko 11:00etan. 25 plaza baino ez daude eta aldez aurretik izena eman behar da Aranzadiren webgunean: www.aranzadi.eus eta jardueren atalean, bihartik.

Aurkezpeneko prentsaurrekoan, gaur goizean, Goizane Álvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak, Nuria Vegas Garbera Merkataritza Zentroko zuzendariak, Aizpea Goenaga erakusketako komisarioak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko komunikazio-arduradunak hartu dute parte, bai eta Eider Conde-Egia «Arkeologoak» liburuaren idazleak ere.

Goizane Álvarez Kultura, lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak azaldu du Garbera zentro komertziala «ez dela erakusketa baterako ohiko espazio bat». Hala ere, onartu du bat datorrela departamentuak Gipuzkoako kultura eta ondarea publiko guztietara zabaltzeko erronkarekin. «Publiko berriak bilatzen ditugu, eta iruditzen zaigu leku aproposa dela horrelako erakusketa bisual eta interesgarri bat aurkezteko. Ekimen honen bidez, gure kultura-ondarearen aberastasuna jendea dagoen espazio batera eraman nahi dugu».

Gainera, adierazi du historiaurreari buruzko tailerra, Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan antolatzen dena, aukera paregabea izango dela gazteenak kultura-ondarera hurbiltzeko eta Gipuzkoako arkeologiaren munduko erreferente handiak ezagutzeko; erreferente horiek Espainian arkeologia profesionala garatzen nabarmen lagundu dute, baina, «tamalez», lan hori ez da oso ezaguna, nahiz eta balio handikoa izan. «Erakusketa eta tailer hau emakume horiek gure ondarearen ikerketan eta kontserbazioan izan duten funtsezko zeregina ezagutzeko eta baloratzeko aukera paregabea dira», azaldu du, eta aitortu «justizia-egintza» dela.

Bestalde, Nuria Vegas Garberako gerenteak aitortu du Garberarentzat «oso inspiratzailea» dela gure emakume arkeologoen lana aitortu ahal izatea erakusketa honen bidez. Izan ere, esperientzia «aberasgarria da gure bisitarientzat, eta gure lurraldeko kultura eta komunitate sarea sendotzen laguntzen du». Gainera, defendatu du emakumeek eremu horretan eta merkataritzan inplikatu behar dutela, eta gogorarazi du Garberako 1300 inguru langileen % 70 emakumeak direla,.

Era berean, erakusketako komisario Aizpea Goenagak esan du erakusketak azpimarratzen duela emakumeek lurraldeko ikerketa arkeologikoetan duten garrantzia eta azalpen-paneletan kontatzen duela arkeologiako sektore estrategikoetan sartzeko, erabat integratzeko eta lider izateko prozesua. Gainera, emakumeek aurkitutako objektu arkeologiko ugari daude, aukera «bakar eta aparteko» honetan ikus daitezkeenak.

Ibilbidea 1903an hasten da, Alfontso XIII.a erregeak Aizpitarteko (Errenteria) haitzuloetako indusketetara egin zuen bisitaren harira. Argazki batean, lantaldean hainbat emakume ageri dira. Pixkakana, emakumeen presentzia garrantzia hartzen hasten da ikerketetan, María Luisa Aranzadik eta Pilar Sansineneak erakusten duten bezala, eta joan den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera, izen handiko bi arkeologok, ia ezezagunak beren herrialdean eta biak donostiarrak, berresten duten bezala: Ana María Muñoz, Historiaurreko lehen katedraduna, eta Lola Echaide, Soriako Torralba eta Ambrona aztarnategietan F. Clark Howellek eta Leslie Freemanek zuzendutako kanpainetako landa-arduraduna.

80ko hamarkadatik aurrera, emakumeak gero eta espazio garrantzitsuagoak konkistatzen joan ziren, baita ikerketan garrantzi handia erakutsi duten sektoreen buru izaten ere. Gaur egun, emakume arkeologoen belaunaldi berriek etorkizun oparoa eta gero eta espezializatuagoa irudikatzen laguntzen dute.

Aitortu du Garberan ikusgai egongo den erakusketa lagin txiki bat besterik ez dela, erakusketa erabilgarri zegoen espaziora egokitu behar izan delako. Erakusketaren gainerako zatia ezagutu nahi dutenek katalogo osoa deskargatu ahal izango dute QR baten bidez, eta bertan informazio gehiago eskuratu ahal izango dute.
Azkenik, Eider Conde-Egia Aranzadi Zientzia Elkarteko komunikazio-arduradunak eta erakusketari buruzko «Arkeologoak» liburuaren egilekideak azaldu duenez, «bi urtez ikerketa lan izugarria egin dugu, erakusketan erakutsi ezin izan dugun eduki asko geneukan, eta, beraz, argitalpen bat egitea ezinbestekoa zen zintzilik geratu zen informazio guztia osatzeko. Liburu honek Gipuzkoako arkeologiari, horren diziplinei eta protagonistei buruzko edukia osatu eta gehitu nahi du, eta arkeologo guztiek erakusketan beren lekua izateko modu bat ere bada».


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Didoe
Día mundial del retrete
Kutxa Fundazioa