Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak 10.501 euro emango ditu beka bakoitzerako, 2024ko eta 2025eko aurrekontu-ekitaldietan banatuta, deialdi horiek finantzatzeko. 8 hilabeteko iraupena duten bekak dira, arlo etnografikoan, artearen eta etnografiaren kontserbazio- eta zaharberritze-arloan eta arkeologia-arloan Gordailuan prestakuntza-praktikak egiteko; azken hori edizio honetan abian jarri den beka berri bat da.
Lehenesten da eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean 31 urte bete ez dituzten gipuzkoar gazteei esleitzea, edo unibertsitate-ikasketak amaitu zutenetik 5 urte baino gehiago igaro ez izanaren baldintza betetzen dutenei. Prestakuntza-bekak Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan (Irun) garatuko dira, baina Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko museo eta zentroetara joateko aukera aurreikusten da.
Prentsa-ohar batean, Goizane Álvareze Kulturako diputatuak adierazi du ziur dagoela inbertsio horiek «etorkizuneko inbertsio» bat direla, ikasten ari diren gazte gipuzkoarren prestakuntzara bideratuta daudelako, gure kultura-ondarea babesteko. «Aukera horiekin, prestakuntza espezializatua eman nahi diegu, funtsezko arloetan profesionalki garatu ahal izateko, hala nola etnografian, artearen kontserbazioan eta arkeologian».
Laguntza horietara aurkezteko azken eguna 2024ko uztailaren 18a izango da, osteguna. Eskaerak Internet bidez egin daitezke, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarira sartuz eta eskuragarri dagoen inprimaki espezifikoa erabiliz. Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko Erregistro Orokorrean (Okendo kalea 20, 2004 Donostia) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Erregistro
Nagusian (Gipuzkoa plaza z/g, beheko solairua, 20004 Donostia) ere aurkeztu ahal izango dira eskabidea eta dagokion dokumentazioa.
Aurkeztu beharreko agirien artean, ohiko bizilekua Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerriren batean duela egiaztatzen duen administrazio-egoitzaren ziurtagiria dago, gutxienez bost urtekoa, azken hamar urteetan. Gainera, curriculum vitaea eta espediente dokumentatua aurkeztu behar dira, baita EGA titulua edo baliokidea ere.
Bestalde, Gordailuan etnografia-eremuan prestakuntza-praktikak egiteko beka lortu ahal izango dute goi-mailako unibertsitate-titulu bat duten pertsonek, baldin eta honako gai hauetako prestakuntza akademikoa egiaztatzen badute: Gizarte eta Kultura Antropologia, Historia, Kultura Ondarea edo Giza edo Gizarte Zientzietako beste edozein gradu. Bekak irauten duen bitartean (8 hilabete), onuradunak azterketa teorikoak eta praktikoak egingo ditu, bereziki bilduma etnografikoetako piezen dokumentazioari buruz (erregistroa, inbentarioa, katalogazioa).
Gordailua zaharberritzeko espazioetan artea eta etnografia kontserbatzeko eta zaharberritzeko praktikak egiteko beka bat emateko baldintzak Arte Ederretako fakultateetako lizentziadunentzat (zaharberritzearen arloko prestakuntza edo arte-lanen zaharberritze eta kontserbazioaren espezialitatean prestakuntza dutenak), Zaharberritze Graduko gradudunentzat edo Kultura Ondasunak Kontserbatzeko eta Zaharberritzeko Goi Eskolako tituludunentzat dira. Beste gradu hauetan gradudunak direnak (Artearen Historia, Historia edo antzekoak), kontserbazio edo zaharberritze gaietan graduondoko ikasketak egin badituzte. Beka hau bateraezina izango da ezaugarri bereko beste edozelako beka edo laguntzekin.
Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak edizio honetan jarriko du abian Gordailuan eremu arkeologikoan prestakuntza-praktikak egiteko beka. Prestakuntza-praktikak bilduma arkeologikoen dokumentazioaren esparruan egingo dira bereziki. Onuradunak azterketa teorikoak eta praktikoak egingo ditu, bereziki bilduma arkeologikoetako piezen
dokumentazioari buruz (erregistroa, inbentarioa, katalogazioa).
Deja un comentario