Inicio » Idiomas » Euskera » Gipuzkoako Foru Aldundiak Charo Martinez saritu du, «emakumeei eta borondatezko lanari emandako bizitzagatik»

Gipuzkoako Foru Aldundiak Charo Martinez saritu du, «emakumeei eta borondatezko lanari emandako bizitzagatik»

Markel Olano diputatu nagusiak, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuarekin batera, Gipuzkoako Boluntariotzaren 2019ko Saria eman dio gaur arratsaldean Charo Martinez

Markel Olano diputatu nagusiak, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuarekin batera, Gipuzkoako Boluntariotzaren 2019ko Saria eman dio gaur arratsaldean Charo Martinez Lascuraini, «bizitzan 25 urtez besteei laguntzen jardun duen emakumeari, zeinak generoan eta emakumeen eta gizonen berdintasunean trebatzea sutsuki defendatzen baitu, boluntariotza egiteko giltzarri gisa». Saria emateko ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko Jargi aretoan egin dute, eta 170 pertsona baino gehiago bertaratu dira, besteak beste, senideak, lagunak eta lurraldeko hirugarren sektore sozialeko hainbat erakundetako ordezkariak. Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Boluntariotzaren Saria sari «ezberdina» da, erakundeek berek erabakitzen baitute nor den saritua urtetik urtera. «25. edizio honetan, boluntariotza bizimodu gisa ulertzen duen emakume bat omentzen dugu, ibilbide luze eta bizia duena, eta gaur egun emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde atsedenik gabe lanean jarraitzen duena, ahalduntzearen bidez».

Charo Martinezek hunkituta jaso du saria, eta eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta epaimahaia osatzen duten erakundeei, «poz handia» emateaz gain, boluntario gisa jarraitzeko «bultzada» ere ematen diolako. Martinezek nabarmendu duenez, «beste emakume batzuekin eta batzuengandik ikastea» atsegin du gehien; izan ere, feminismoan duen prestakuntza boluntariotzari esker jaso zuen, eta mugarria izan da boluntario gisa egin duen ibilbidean. 68 urteko donostiar honen historia boluntariotzarekin lotuta dago, eta horixe da, hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak sari honen bidez sustatu nahi duena, «Gipuzkoa gero eta solidarioago bat sortzeko bidean».

«Elkarrekin egiten diogu aurre Gipuzkoa Europako desberdintasun gutxieneko pertsonen komunitatea bihurtzeko erronkari. Boluntarioak zarete hori lortzeko aktiborik onena, komunitatea eraikitzen duzuelako eta egunero borrokatzen dituzuelako, lurretik bertatik, desberdintasun sozialak eta generoari dagozkionak, Charo Martinezen ibilbideak erakusten duen bezala «, adierazi du diputatu nagusiak.

Olanok Charo Martinezek boluntario gisa egin duen ibilbide «luze eta bizia» txalotu du: «Berak dio ez duela bizitza ulertzen besteei lagundu gabe. Bokaziozko boluntarioen adibide argia da; moldeak hautsi dituen emakumea da, eta berdintasunarekin oso konprometituta dago, bizitza osoa daramalako lanean gehien behar duten emakumeei laguntzeko». Prestakuntza, talde lana eta etengabeko ikaskuntza funtsezkoak dira bere egunerokoan, eta askotan etxera «motxila larritasunez beteta» itzultzen bada ere, adoretu egiten du bere lanak eta laguntzak gehien behar duenari laguntzen diola jakiteak.

Diputatu nagusiaren hitzetan, Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria «oso lagungarria» da «egunero eta trukean ezer espero gabe milaka pertsonak egiten duten lan ordainezina» ikusarazteko, eta, aldi berean, boluntariotzak lurralde osoan duen «garrantziaz eta onuraz» kontzientziatzeko. «Boluntariotza balio kalkulaezina duen altxor bat da Gipuzkoarentzat, gure eredu sozioekonomikoaren balioetako bat. Lurralde solidarioa gara: 700.000 biztanle pasatxo gara, eta boluntariotzaren arloan lan egiten duten 4.500 elkarte baino gehiago ditugu». Olanok gaineratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarte horiei laguntzen jarraituko du, «ezinbestekoak» baitira Gipuzkoa «gero eta berdinagoa, kohesionatuagoa eta solidarioagoa» izateko.

Bizitza osoa boluntario gisa
Charo Martinez Lascurainen hautagaitza Kaebnai kultur arteko elkarteak aurkeztu du, bere irudiari balioa emateko eta hurkoari lagunduz egindako ibilbide luzea aitortzeko asmoz. Bere bizitzaren historia boluntariotzarekin lotuta dago; lan hori ez da oso agerikoa, baina Charok milaka ordu eskaini dizkio, beti hutsaren truk eta gero eta espezializazio maila handiagoarekin. «Bere ibilbidean nabarmentzekoa da, batez ere, Ekintza Dasalud eta Lagael elkarteetan egindako lana; baina boluntario gisa egindako lana ez da puntuala izan, bere pertsonaren eta bere bizitzaren parte baita». Bide horretan, beti lagun izan ditu bederatzi lankide; bere bizitzan erreferente diren emakumeak, 1994tik elkarrekikotasunean lan egiten dutenak. Emakume horiek uste dute boluntariotzaren ahotsa eta ikusgarritasuna ezinbestekoak direla gobernantza eraldatzeko, eta gobernantza emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko tresna baliagarri eta eraginkorra izatea lortzeko.

Gaur egun Lagael elkartean jarduten da boluntario lanean intentsitate eta dedikazio handienarekin; elkarte hau emakumeen arretaz eta kudeaketaz arduratzen da, mendekotasunak dituzten emakumeen autonomiari laguntzeko, haiek ahaldunduz. Charo Martinezek adierazi du beste emakume batzuengandik ikastea dela gehien atsegin duena, eta funtsezkotzat jotzen du generoan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean trebatzea, boluntariotza beste ikuspegi batekin egiteko. Boluntariotzak esperientzia berriak biziarazi dizkio; boluntariotzari esker gehiago aintzatesten ditu bai bere burua, bai beste pertsona batzuk ere; emakumeek emakume izateagatik pairatzen dituzten desberdintasunen jakitun da; eta askoz konprometituagoa dago berdintasunarekin.

Gipuzkoako Boluntariotza Sariak mende laurdena beteko du aurten; Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen duela 25 urte, Gipuzkoako Hirugarren Sektore Soziala osatzen duten pertsona eta erakundeen dedikazioa eta ekarpena aitortzeko asmoz. Azken edizioetako irabazleak honako hauek izan dira: AGIPAD (1999); ACASGI (2000); Gipuzkoako Pentsiodunen Elkartea (2001); Nagusilan (2002); Karitateko Alabak (2003); DEE (2004); CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006); Juan Maria Garitano (2007); Izan fundazioa – Gizakia Helburu (2008); Behar Bidasoa (2009); DYA Gipuzkoa (2010); Itxaropen Telefonoa (2011); Laringektomizatuen Elkartea (2012); Odol Emaileak (2013); Koldo Aulestia (2014); Gipuzkoako Elikagaien Bankua (2015); Hurkoa (2016), Atzegiko boluntarioak (2017) eta Jose Mari Soroa (2018).


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Didoe
Kutxa Fundazioa
Día mundial del retrete