Inicio » Idiomas » Euskera » Gipuzkoako Foru Aldundiak Aspaceko boluntarioen taldeari emango dio 2023ko Boluntariotza Saria

Gipuzkoako Foru Aldundiak Aspaceko boluntarioen taldeari emango dio 2023ko Boluntariotza Saria

Aspace Gipuzkoak 50 urte baino gehiago daramatza garun-paralisia dutenen eta haien familien alde lanean, neurri handi batean 120 boluntario baino gehiagoren lanari esker. Sari banaketa abenduaren 1ean izango da, Foru Jauregian

Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak iragarri du Aspace Gipuzkoako boluntarioek jasoko dutela 2023ko Gipuzkoako Boluntariotza Saria. Gogorarazi du Aspacek 50 urte baino gehiago daramatzala Gipuzkoan lanean garun-paralisia duten pertsonen eta haien familien alde, eta jardueraren zati handi bat 120 boluntario baino gehiagoren lanari esker egiten dela. «Aspace erreferente bat da gure lurraldean, Gipuzkoako gizarte-ereduaren adierazgarri garbia: kolektibo horrentzako erreferentzia-espazio bat finkatu duen erakundea», zehaztu du Peñak.

Gipuzkoako Boluntariotza Sariaren helburua da lan sozialagatik eta boluntariotza bultzatzeagatik nabarmendu diren pertsona eta gizarte-erakundeen ibilbidea publikoki aitortzea, «horrela Gipuzkoa gero eta kohesionatuagoa eta solidarioagoa sortzen lagunduz», azaldu du diputatuak. Saria abenduaren 1ean, ostirala, banatuko da, 18:30ean, Foru Aldundiaren Jauregiko Gunean. XXIX. edizioan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Aspace Gipuzkoako boluntario-taldeari emango dio saria, garuneko paralisia duten pertsonen eta haien familien alde egiten duten lana eta ibilbidea saritzeko.

Urtero, gizarte-erakundeek berek aukeratzen dute nor izango den sariduna. Edizio honetan, epaimahaia honako hauek osatu dute: ATECE, Hezkide Eskola, Adinkide, Kamelamos Adiquerar, Aizkorri Scout, Harri Beltza, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa, SOS Arrazakeria eta DYA Gipuzkoa.

Aspace Gipuzkoak 450 pertsona inguru artatzen ditu urtean, bere zerbitzu eta programen bidez: etxebizitzetan, eguneko zentroetan, hezkuntza bereziko zerbitzuaren bidez, familiei laguntzeko zerbitzuarekin, arreta goiztiarreko programari esker… Batez ere aisialdiko eta denbora libreko atalean egiten dute boluntarioek ekarpenik handiena. Gaur egun, 126 boluntariok 100 erabiltzaile baino gehiagori laguntzen diete Gipuzkoako hamar bat udalerritan.

Aspace Gipuzkoaren mende erdiko historia boluntariotzari estuki lotuta dago; jatorrian boluntarioek, eragindako familiek osatu baitzuten elkartea. Diputatuaren hitzetan, Aspace gaur egun «erreferente bat» da Gipuzkoan, «lurraldeko gizarte-politiken protagonista 50 urte baino gehiagoz». Gaineratu duenez, «Gipuzkoan daukagun eredu soziala, babesarena eta zaintzarena, Aspace bezalako erakundeen lanari esker da, eta boluntarioen laguntzari, elkartasunari eta konpromisoari esker». Aspacek arreta integral bat eskaintzen die garuneko paralisia duten pertsonei eta haien familiei, eta «gainera, sentsibilizazio- eta prebentzio-lan funtsezko bat egiten dute», nabarmendu du Maite Peñak.

Foru diputatuaren hitzetan, Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria «oso lagungarria» da «egunero eta trukean ezer espero gabe milaka pertsonak egiten duten lan ordainezina» ikusarazteko, eta, aldi berean, boluntariotzak lurralde osorako duen «garrantziaz eta onuraz» kontzientziatzeko. «Gipuzkoa lurralde solidarioa da, 718.000 biztanle inguru gara, eta 40.800 boluntario baino gehiago ditugu». Diputatuak gaineratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde horiei laguntzen jarraituko du, «ezinbestekoak» baitira Gipuzkoa «gero eta eskubidez berdinagoa, kohesionatuagoa eta solidarioagoa» izan dadin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak duela 29 urte sortu zuen Gipuzkoako Boluntariotza Saria, Gipuzkoako Hirugarren Sektore Soziala osatzen duten pertsona eta erakundeen dedikazioa eta ekarpena aitortzeko. Azken urteetako irabazleak honako hauek izan dira: Nagusilan (2002), Hijas de la Caridad (2003), DEE (2004), CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006), Juan María Garitano (2007), Izan Fundazioa – Proyecto Hombre (2008), Behar Bidasoa (2009), DYA Gipuzkoa (2010), Itxaropen Telefonoa (2011), Larigektomizatuen Elkartea (2012), Odol Emaileak (2013), Koldo Aulestia (2014), Gipuzkoako Elikagai Bankua (2015), Hurkoa (2016), Atzegiko boluntarioak (2017), Jose Mari Soroa (2018), Charo Martínez Lascurain (2019), Begisare (2020), Kemen (2021) eta ATECE (2022).

Donos


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Día mundial del retrete
Kutxa Fundazioa
Didoe