Inicio » Idiomas » Euskera » «Gipuzkoako elkarteen epe luzerako iraunkortasuna bermatzeko oinarriak ezarri behar ditugu»

«Gipuzkoako elkarteen epe luzerako iraunkortasuna bermatzeko oinarriak ezarri behar ditugu»

Aldundiak Gipuzkoako elkarteetako ehun bat ordezkari bilduko ditu datorren asteazkenean, elkartegintza biziberritzeko eta balio komunitarioak indartzeko lurralde estrategia berri bat martxan jartzeko

Irune Berasaluze.

Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren asteazkenean, urtarrilaren 22an, ‘Komunitatea elkartegintzatik eraikiz’ jardunaldia egingo du Tabakaleran. Topaketa honetan, lurraldeko elkarte-sareko ehun bat ordezkari bilduko dira, Gipuzkoako elkartegintzaren etorkizunaz, elkarteek gizarteari egiten dioten ekarpenaren garrantziaz eta garapenerako zein ongizaterako funtsezko eragile gisa duten rolaz hausnartzeko. Jardunaldi hau ‘Ipuskoa. Izanetik izenera 1025-2025’ egitasmoaren baitan kokatzen da, Gipuzkoaren lehen erreferentzia idatziaren mila urteurrena ospatzeko antolatutako egitarauaren barruan. Ekimen honen bidez, Aldundiak lurraldea definitzen duten komunitate-balioak aitortu, ospatu eta indartu nahi ditu urte guztian zehar egingo diren ekitaldien bidez.

Gaur zortziko jardunaldia Gipuzkoan elkartegintza sustatu eta birsortuko duen estrategia berri bat marrazteko abiapuntua izango da, eta motibazioa eta lidergoa, edota elkarteen arteko lankidetza-sareak eta haien biziraupena bezalako erronkei helduko die. Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, “historikoki Gipuzkoaren nortasunaren ezaugarri izan den parte-hartze soziala abiapuntu gisa hartuta, elkartegintzan eta boluntariotzan izandako aldaketen arrazoiak eta ondorioak ulertzeko beharra” azpimarratu du, “gure lurraldeko elkarteen jarraipena bermatzeko”. «Gure garapenerako eta kohesio sozialerako funtsezko zutabe honen epe luzerako iraunkortasuna bermatzeko oinarriak ezarri behar ditugu», erantsi du.

Goizeko saioan arlo akademikoko adituek parte hartuko dute, eta Gipuzkoako elkartegintzaren egoerari eta garapenerako gakoei buruzko diagnostikoa aurkeztuko da. Deustuko Unibertsitateak egungo testuinguruaren azterketa egingo du, eta Mondragon Unibertsitateak, berriz, elkarteek komunitatean duten eraginari buruzko ikerketa bat aurkeztuko du. Ikerketa horiei esker, elkarteen balioa hobeto ulertu eta etorkizuneko ekintzak bideratu ahal izango dira.

Arratsaldean zehar, topaketak izaera parte-hartzailea hartuko du, nortasunari, elkarteen garrantziari eta barne dinamikei buruz hausnartzeko diseinatutako talde dinamikak egingo baitira. Berasaluzeren arabera, «elkarteen ekarpenak eta boluntarioen lanak nortasun bereizia eman diote Gipuzkoari; lurralde solidario gisa eta pertsonen garapenarekin eta ongizate integralarekin konprometituta dagoena”. “Komunitatea eta gizarte-garapena bezalako balioek gure lurraldearen kapital soziala osatzen duten elkarteen jardueraren oinarrian daude».


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *