Gipuzkoako Bazkundeak AMPO kooperatiba izendatu du gaur 2024ko Gipuzkoako Enpresa bezala, Gipuzkoako Enpresa Sariak emateko ekitaldian. Egoitza Idiazabalen duen kooperatibaz gain, lehiaketaren hogeita hamabigarren edizioak Gipuzkoako beste lau konpainia ere saritu ditu: Wavegarden, Enpresa Nazioartekotzea saria jaso duena; Salva Industrial, ETE Enpresa Industrialari saria jaso duena; MLAKOOP, Zerbitzu Enpresa saria jaso duena; eta CIMICO, Berrikuntza Enpresa kategorian saritua. Gipuzkoako Bazkundearen ustez, saritutako enpresak, bi kooperatiba, ekintzailetzatik sortutako bi konpainia eta familia-enpresa bat, lurraldeko enpresa-sarearen izaera eta indarraren ordezkaritza bikaina dira.
Ekitaldia Donostian egin da, Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan, eta Banco Sabadellek babestu du. Topaketan lurraldeko erakunde, gizarte eta ekonomia munduko 300 ordezkari baino gehiago izan dira, besteak beste, Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; Eneko Goia, Donostiako alkatea; eta Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua. Gipuzkoako Enpresa Sariak ekimenaren helburua Gipuzkoako konpainiek lurraldearen garapen ekonomikoari eta gure gizartearen ongizateari egiten dioten ekarpena aitortzea da.
Ekitaldian Mauricio Arregui Gipuzkoako Bazkundeko presidenteak hartu du hitza, eta saritutako enpresak zorionduz hasi du bere hitzaldia. «Gure lurraldean ditugun ezkutuko txapeldun guztiei» ere egin nahi izan die aitorpena. Bere esanetan, hauek oso gutxitan jasotzen dituzte errekonozimenduak, baina egunero lan egiten dute lurraldearentzat «lanpostuak, aberastasuna eta ongizatea sortzen».
Era berean, Gipuzkoak gaur egun duen garapen ekonomikoa eta ongizate mailara iristea ahalbidetu duten balio profesional eta enpresarialak aldarrikatu ditu Arregik, hala nola lana, konpromisoa, esfortzua, elkartasuna edo izaera ekintzailea. Horrela, munduak eta, bereziki, Gipuzkoako ehun ekonomikoak dituzten erronkei aurre egiteko formularik eraginkorrena direla defendatu du. «Balio horiek egin dute gaur egungo Gipuzkoa, eta etorkizunera begira ere lurralde aurreratua eta lehiakorra izaten jarraitzeko bermea dira», azpimarratu du.
Bazkundeko presidenteak konfiantza eta baikortasun mezua zabaldu nahi izan du, eta akordioaren eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua berritu du, lurraldeak dituen eta etorkizunean izango dituen erronkei erantzuteko erreminta gisa. Honela, hainbat tendentzia handi izan ditu hizpide, hala nola zahartze demografikoa, trantsizio energetikoa edo eraldaketa digitala, eta ohartarazi du, egungo testuinguruan, Gipuzkoak eta Europak lehiakortasun ekonomikoaren trena galtzeko arrisku larria dutela. «Nazioarteko agertoki konplexu honetan egiturazko erronka horiei aurre egiteko, premiazkoa da ibilbide ertain eta luzeko adostasun-akordioak bilatzea; lurralde-, herrialde-, estatu- eta baita Europar Batasuneko akordioak ere, inbertsioa eta garapen ekonomiko eta industriala sustatzeko”, nabarmendu du.
Deja un comentario