Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-laguntza deialdi berri bat jarri du martxan lurraldeko enpresen zibersegurtasuna indartzeko. Gipuzkoa Digitala programaren baitan, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak 400.000 euroko laguntzak onartu ditu, enpresen eta haien produktuen zibersegurtasun maila handitu eta Europako araudi berrietara egokitu ahal izateko.
Deialdi berri honen helburua lurraldearen lehiakortasuna bermatzea da, zibererasoen inpaktua murrizten eta zibersegurtasunari, datuen pribatutasunari eta segurtasunari lotutako arazoak minimizatzen saiatuz. Behar hau, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan hauteman zen, eta, ondorioz, Foru Aldundiak ZIUR sortu zuen, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa. Dirulaguntza hauek hain zuzen, zentro honekin elkarlanean diseinatu dira. 360.000 euroko aurreko deialdiak, lurraldeko 65 enpresa onuradun izan zituen. Guztira, 2018tik, Foru Aldundiak 3 milioi euro baino gehiago bideratu ditu lurraldeko enpresen zibersegurtasuna sustatzeko laguntzetan.
Oraingo deialdi hau martxoaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta bi lerro aurreikusten ditu: 265.000 euro Gipuzkoako enpresen zibersegurtasunerako, eta 135.000 euro, berriz, produktu industrial ziberseguruak fabrikatzeko. Lehenengoaren kasuan, diruz lagunduko dira, besteak beste, hardwarearen eta softwarearen egoeraren diagnostikoak, zibersegurtasun-planen idazketa eta horien hedapena eta ezarpena errazteko jarduerak, baita Europako araudi berrietara egokitzeko eta 2026an EBn indarrean jarriko diren ziurtagiriak lortzeko lanak ere. Era berean, % 15eko dirulaguntza gehigarria emango zaie ZIURek sustatutako metodologiaren arabera autodiagnostikoaren azterketa egin duten proiektuei. Metodologia hau zentroaren webgunean dago eskuragarri.
«Produktu industrial zibersegurua» izeneko lerroak, 135.000 euroko zuzkidurarekin, zibersegurtasuna jatorritik bertatik integratuko duten gailuen diseinua eta garapena sustatzea du helburu. Horrez gain, enpresei aukera emango die bere produktuen segurtasuna laborategi espezializatuetan probatu edo testatzeko. Izan ere, deialdi honen onuradun izateko, ezinbestekoa da produktuaren aurre diagnostikoa ZIURen laborategietan egitea.
Laguntza hauetarako eskaera epea dagoeneko zabalik dago eta irailaren 16an amaituko da ‘Gipuzkoako enpresetako zibersegurtasuna’ lerroaren kasuan. ‘Produktu Industrial Zibersegurua’ lerroari dagokionez, epea apirilaren 23an amaituko da.
Eskaerak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoren bidez egin daitezke: Gipuzkoa Digitala: Gipuzkoako enpresetako zibersegurtasuna, Gipuzkoa Digitala: Industria produktu zibersegurua.
Deja un comentario