Gaur arratsaldean, Hondarribiko uretan, Gipuzkoako lehen Dragon Boat taldea aurkeztu da, bularreko minbizia gainditu duten emakumeek osatua. Hondarribiko HS2 surf eskolak bultzatutako proiektua da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin gauzatua, eta lurraldeko minbiziaren aurkako elkarteen –Iñurri, AECC, Katxalin, Asgicer eta Bularreko Minbizi Metastasikoaren elkartea– eta Gipuzkoako Erizaintza Elkargoaren inplikazioa duena.
Taldea osatzen duten emakumeak, 27 guztira, bularreko minbizia gainditu duten emakumeak dira, baita kausa horri ikusgarritasuna eman nahi dioten emakume sentsibilizatuak ere. Proiektu honek “ihesbide izan nahi du, leku seguru, osasungarri eta partekatu bat, ongizate integralari laguntzeko eta sare berriak sortzeko gaixotasun horri aurre egin beharraren ataka gaiztoa bizi izan duten emakumeen artean”, azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak.
Laguntza- eta aintzatespen-keinua
“Berdintasunezkoa, orekatua eta bidezkoa izango den lurralde bat eraikitzen jarraitu nahi dugu, pertsona guztien ongizate osoa zainduko duen lurralde bat. Gipuzkoak zentzu partekatua izatea nahi dugu, eta komunitate kohesionatu bat, hainbat arrazoirengatik gaizki pasatzen ari diren pertsonei laguntzen diena. Komunitate bizi bat, ekimen positibo eta berritzaileak abian jartzeko antolatzen dena eta jarduten duena. Dragon Boat hau abiarazi izana horren adibide da, hain zuzen. Bertan arraun egiten dutenei lagun egiten die eta ahaldundu ere egiten ditu, eta, aldi berean, haien osasuna eta gogo aldartea hobetzen laguntzen du”, baieztatu du diputatu nagusiak. Gaur arratsaldean, Eider Mendozak bat egin du entrenamenduarekin, “bihotzeko keinu” gisa, bularreko minbiziari eta bularreko minbizi metastasikoari aurre egiten dieten emakume guztiei “babesa eta errekonozimendua” erakusteko.
Dragoi formako ontzia uretara atera aurretik, Eider Mendozak eta Iñaki Navascuesek, HS2 Surf Centerreko zuzendariak, Dragon Boat kirola zertan datzan azaldu dute, berritzailea baita Gipuzkoan, eta kirol horrekin lortu nahi diren helburuak ere azaldu dituzte. Asiatik datorren eta 2.000 urte baino gehiago dituen kirol nautiko bat da, eta edonork egin dezake, berezko ezagutzarik izan gabe ere.
Zehazki, bereziki onuragarria da bularreko minbizia duten emakumeentzat, ebakuntza ondoko prozesuetan onuragarria delako, eta bularreko, bizkarreko eta eskapulako muskuluak indartzen laguntzen duelako. Gainera, kirola egitea, eta, zehazki, Dragon Boat kirola, oso lagungarria da gaixotasunarekin lotutako ondorioei aurre egiteko, bai eta arlo psikologiko, fisiko eta sozialari mesede egiteko ere.
Ontzi horiek brankan dragoi buru batekin eta popan isats batekin apaintzen dira, 13 metro baino gehiago neurtzen dituzte, eta 12 edo 22 kide izan ditzakete. Kide horiek ontziaren brankan dagoen danbor baten erritmoan arraun egiten dute. Eider Mendozak eta Maite Peñak, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, entrenamenduak parte hartu dute gaur arratsaldean beste 21 emakumerekin. “Oso esperientzia komunitario positiboa” izan dela adierazi dute, eta gonbidapena egin diete Dragon Boat taldean parte hartu nahi duten emakume guztiei.
⚓️ #DragonBoat, una iniciativa muy, muy especial. Preciosa, positiva y comunitaria: acompaña y empodera a quienes reman en ella, a la vez que contribuye a mejorar su salud, bienestar y estado de ánimo.
Es un deporte náutico de origen asiático y más de 2.000 años de antigüedad. pic.twitter.com/y6InBogUhl
— Eider Mendoza Larrañaga (@EiderMendoza2) June 10, 2024
Deja un comentario