Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak musikaren eta haur-antzerkiaren esparruan berritzailea den proposamen bat dakar, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari Juan José Ocónen eskutik eta, beste hainbat artistaren artean, Errenteriako Landarbaso Abesbatzaren eta Villabonako Oinkari Dantza Taldearen laguntzarekin: Txorimaloen ametsak, Gipuzkoan lehen aldiz osatu den euskarazko haurren opera. Ikuskizun honek musika instrumentala, korala, dantza eta narrazioa uztartzen ditu, eta haurrak eta haien familiak animatzen ditu fantasiazko eta zirraraz beteriko mundu batean murgiltzera eta ametsei buruz eta nork bere burua gainditzeari buruz hausnartzera.
Urtarrilaren 12an Errenterian egin zen aurre-estreinaldiaren ondoren, igande honetan, hilak 9, lehen saio ofiziala egingo da Irungo Amaia antzokian, 17: 00ean. Saioak edukiera osoa dauka. Bigarren saioa martxoaren 2an izango da, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 12:00etan. Sarrerak 4 euro balio du eta astebete lehenago jarriko dira salgai. Leihatilan edo webgunean eskuratu ahal izango dira.
Kultura eta Gazteriako diputatu Goizane Álvarezek adierazi duenez, ekimen horrek «bat egiten du Kultura Eskolaren helburuekin, eta orain arte existitzen ez zen proposamen bat eskaintzen du, desberdina eta erakargarria: balioetan hezten eta entretenitzen duen proiektu bat. Kultura-ohiturak eraiki nahi ditugu, eta haurrek euskararen erabilera kulturarekin eta familiako aisiarekin lotu dezaten lortu».
Bestalde, Juan José Ocónek azpimarratu duenez, «proiektu hau asmo jakin batekin sortu zen pandemia betean, eta forma hartuz joan den urte hauetan ere asmo berari eutsi diogu: familiak apur bat zoriontsuago izatea, irribarre eginaraztea eta hunkitzea, maila artistiko handiko ikuskizun baten bidez, eta adingabeen eta helduen emozioekin konektatzea musikaren, narratibaren eta dantzaren bidez. Oso eskertuta nago Laboral Kutxarekin, eman digun laguntzagatik, eta bereziki Aldundiarekin, haien laguntzarik gabe Txorimaloaren ametsa ez litzatekeelako orain errealitate izango».
Ezagutu emozioak txorimalo baten bitartez
Lan honek txorimalo baten bizipenak kontatzen ditu. Txorimalo horrek askotariko emozioak ditu, hala nola poza, tristura eta amorrua, harik eta, pronostiko ororen aurka, bere ametsak errealitate bihurtzen dituen arte. Musikal hau 4 eta 11 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago, eta murgiltze-esperientzia baten aldeko apustua egiten du, publikoaren parte-hartze aktiboa bultzatuz, eta sormena, irudimena eta ikaskuntza sustatuz, euskara hutsean. Izan ere, Txorimaloaren ametsak kontakizun musikal bat da, talde instrumental eta koral batek abestutako eta jotako melodiak biltzen dituena, bertso narratuz eta euskal dantza folklorikoz jantzita.
60 minutu inguruko ikuskizun bat da, iradokitzailea, Euskal Herriko paisaiak eta ohiturak islatzen dituena, musika eta dantza erabiliz gure lurraldeko kultura-tradizioarekin konektatzeko.
Juan José Ocónek zuzentzen du haurren opera hau. Instrumentu ugari izango dira bertan, hala nola txirula, klarinetea, pianoa, biolina, biola, txeloa, perkusioa eta akordeoia. Soinu-esperientzia aberats eta eder batez gozatzeko aukera izango da, zalantzarik gabe.
Deja un comentario