Diputatuen Kontseiluak argi berdea eman dio gaur ‘Partekatuz’ programari, Foru Aldundiak aurreikusitako belaunaldien arteko erreleboaren testuinguruan ezagutzaren transmisioa errazteko antolaketa-plan berria, aldi berean langileentzako erretiro-neurri berriak jasotzen dituena. Irune Berasaluze Gobernantzako diputatu eta foru bozeramaileak gaurko agerraldian iragarri duenez, datozen urteetan erakundeak “aurrekaririk gabeko plantillaren berritze-prozesuari ekingo dio”, eta ekimen honen bidez “eraldaketa sakon horri modu planifikatuan erantzun nahi diogu, pertsona horien esperientziaren eta ezagutzaren transmisioa bermatuz eta erakundeak egiten duen lanaren kalitatea eta herritarrei eskaintzen dien zerbitzua hobetuz”.
Gogoratu behar da 15 urteko epean, plantillaren ia erdiak, 1.000 pertsona inguru, funtzionarioak zein lan-kontratuko langileak, erretiroa hartuko duela. Era berean, egungo datuen arabera, Foru Aldundiko plantillaren % 54k 50 urte edo gehiago ditu, eta joera hori are nabarmenagoa da erantzukizuneko lanpostuetan, zerbitzuburu, sekzio eta negoziatuen % 78k adin hori gainditzen baitu.
Berasaluzek azaldu duenez, “80ko hamarkadan euskal erakundeak altxatu eta martxan jarri zituzten langileen erretiroak markatutako ziklo historiko baten amaieran gaude. Belaunaldi honen balioek, kulturak eta talentuak erabateko aitorpena merezi dute, eta horrekin batera, pilatu duten duen ezagutzari eusteko neurriak hartu behar dira ezinbestean, balio handikoa baita. Gure ustez, erakundea modernizatzeko eta profil eta talentu berriak txertatzeko egiten ari garen ahalegina askoz ere arrakastatsuagoa izango da, lehendik dagoen eskarmentu hori mantentzeko gai garen heinean; erantzukizun berriak hartzen dituzten pertsonak hutsetik has ez daitezen, baizik eta aurrekoen ikasketa horien onurak izan ditzaten”.
Plan berria urriaren 1ean sartuko da indarrean, eta hamarkada bateko epean berrikusiko da. Aipatutako erronkari modu egituratuan erantzun nahi dio, erakunde osoa inplikatuz. Programan parte hartu ahal izango dute erretiro aurreratua edo arrunta hartu nahi duten funtzionarioek eta lan-kontratuko langileek, Aldundian gutxienez 8 urtez lan egin badute.
Bestalde, erretiro progresiboa bermatzeko eta borondatezko eszedentziarako eta erretiro aurreraturako pizgarriak eguneratzeko neurriak jasotzen ditu, eta parte-hartzaileek hainbat aukera jasotzen dituzte, hala nola librantza-baimenak, partzialki ordaindutako baimenak, lanaldi hobaridunaren murrizketak edo norberaren eginkizunetarako baimenak, ordainsaririk jaso gabe. Estatu-legelariak ezarritako araudi-testuinguru berrira egokitzea da helburua; izan ere, ohiko erretirorako legezko adina 67 urtera arte luzatzen du pixkanaka, eta erretiro aurreratua modu nabarmenean zigortzen du erretiro arrunta hartu baino bi urte lehenago.
‘Partekatuz’ planari atxikitzen zaizkion langileek banakako programa bat izango dute, lanpostu mota desberdinetara egokituko dena. Erretiroa hartzen duen pertsonarekin lan egiten duten pertsonek hark egiten dituen lanak zehatz-mehatz ezagutu ahal izango dituzte, lanpostuan hasten den pertsonari ezagutza behar bezala aldatzen zaiola bermatzeko. Pertsona atxikita dagoen zerbitzuburutzak edo parekoak txostena egin beharko du programan jasotako jarduera guztiak gauzatu diren egiaztatzeko, eta Funtzio Publikoko Zerbitzuak baliozkotuko du. Programaren azken helburua da pertsona berria lanpostura sartzen denean, planean parte hartu duen pertsonak bildutako eta landutako materiala eskura izatea.
“Hainbeste pertsonak urteetan metatutako ezagutza, informazioa eta gaitasunak transferitzea garrantzi handiko erronka da, eta belaunaldi aldaketa eraginkor baterako prozesua sistematizatzea eskatzen du, aldi berean ilusionagarria ere badena. Ikusi behar dugu langile kualifikatuen eta esperientziadunen irteera ez mehatxu bat bezala, baizik eta prozesu natural bat bezala, bikaintasunez gauzatu behar duguna; plantilla gaztetzeko eta Aldundi berri baten oinarriak ezartzeko aukera bat, egungo gizartearen erronka, eskakizun eta beharretara egokitua”, adierazi du bozeramaileak.
Nabarmentzekoa da plana langileen ordezkariekin landu eta adostu dela, eta gehiengo sindikalaren babesa duela. “Lorpen horri balioa eman behar diogu, legegintzaldi honetan lortu ditugun akordio oso garrantzitsuen ildo beretik datorrelako, hala nola Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko eta Salbamenduko Zerbitzuarekin edo IZFErekin. Funtzio publikoan elkarrizketaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, betiere zerbitzu publiko eraginkorra eta kalitatezkoa izateko ideiarekin”.
Deja un comentario