Fagor Taldeak Gipuzkoako Aldundiko Abbadia saria 2021 jasoko du ostiral honetan, Arrasateko Kulturola espazioan. Anton Abbadia saria Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz. Eta gaur egun, erakundearen hitzetan, «arlo honetako errekonozimendu garrantzitsu bihurtu da».
“Sari honekin, Fagor Taldeari aitortza egin nahi zaio, ehunka langile ari direlako euskara batzordetan ahaleginean eta milaka langile hartzen dituelako ekimenak”, azaldu zuen Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak iazko azaroan, irabazlearen izena ezagutarazi zuenean.
Fagor Taldearen hainbat ezaugarri azpimarratu nahi izan dira sariarekin, Aldundiak dionez. Alde batetik, euskararen sustapena enpresa-kudeaketaren ardatzean jarri dutela, hizkuntza kudeaketan urrats esanguratsuak emanda, berrikuntza eta sormen kolektiboa landuz. “Talde osoan aritu dira ikuspegi sistemikoarekin, hizkuntza ohituretan eragiten duten aldagai guztiak identifikatzeko eta horietan eragiteko. Eta, gainera, enpresa erantzukizunean oinarritu dute euskara sustatzeko diskurtsoa”, esan zuen Mendozak. Honenbestez, Mendozaren hitzetan, Fagor Taldea lan munduan euskararen sustapenean “adibide aurreratua” da, “zabaldu beharreko eredua”.
Gaur egun 8 kooperatibek osatzen dute Fagor Taldea, eta 4.000 langiletik gora ditu. Hauetatik, 150 lagun daude Euskara Batzordetan. 70. hamarkadan abiatu zuen kooperatibak euskalduntzeko prozesua, eta Euskara Batzordeak jarri zituzten martxan, euskara eskolak bultzatzen lan handia eginez. 90. hamarkadan, lehen euskara planak abiatu zituzten eta 10 urteko bidean kooperatiba guztietan martxan zeuden.
Azken urtetan kooperatibetako langileek lana euskaraz egiteko aukera bermatzeko lanean dihardute. Horretarako, estrategia ezberdinak jarri dituzte martxan: ulermena ziurtatzea, arnasguneak bultzatzea, euskarari funtzio propioak ematea, euskara enpresako sistemetan txertatzea…
Deja un comentario